Urretxuko Isabel tabernan filmatu zen 'Hamaseigarrenean, aidanez' pelikula Zinemaldian emango dute hilaren 26an

Isabel taberna Urretxun izan den berezienetakoa da. 33 urte pasa dira su hartu zuenetik, baina urretxuarrek eta zumarragarrek ez dute ahaztu. 1992ko irailean itxi egin zen eta 2025eko irailean berpiztu egingo da: izan ere, bertan filmatu zen Hamaseigarrenean, aidanez pelikula Zinemaldian emango dute. Emanaldira joaten direnek Isabel taberna nolakoa zen ikusiko dute.
Isabel tabernako Fina Salegik zine munduan lan egiten zuen eta Anjel Lertxundi zuzendariak taberna bat behar zuen. Hala, bere familiaren taberna eskaini zuen. Pelikulako hainbat sekuentzia Isabelen filmatu ziren: karta partida, protagonista nagusiaren eta tabernako zerbitzariaren arteko elkarrizketa, pelikulako gertaera nagusia…
Boloniako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategiak 1980ko hamarkadan filmatutako euskarazko lau pelikula zaharberritu ditu eta horietako bat Hamaseigarrenean, aidanez da. Beste hirurak Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986 dira). Fina Salegik lehen hiruretan lan egin zuen.
Aipatutako lau pelikula horiek Zinemaldian emango dituzte, Klasikoak atalean. Hamaseigarrenean, aidanez hilaren 26an emango dute, Ehun metro pelikularekin batera. 16:00etam Tabakaleran emango dituzte eta 20:15ean Antiguo Berri zine aretoan. Antiguo Berriko emanaldirako sarrerak gelditzen dira oraindik. Sarrerak eskuratzeko, sakatu hemen.