
Lehertu dira Santa Anastasia jaiak. Eguraldi bikaina lagun (bihar biharkoak eta etzi etzikoak), jende andana elkartu da herriko kaleeetan. Buruhandien, txokolatadaren eta bandaren, txistularien eta txarangaren kalejiraren ondoren, Goierri Aldapa saskibaloi taldeko neskek pregoia irakurri dute. Indarkeria matxistaren aurkako eta palestinarren aldeko mezua zabaldu dute eta herritarrei festa zoriontsuak opa dizkiete. Horra hor pregoia.
“Duela 24 urte lehen neska taldea sortu zuen Goierri Saskibaloiak. Harrezkero, Urretxu eta Zumarragako ehunka neska kolore urdina harrotasunez defendatzen ibili gara Gipuzkoako kantxetan zehar, Urretxuko emakumezkoen saskibaloia Gipuzkoan erreferente bihurtuz. Aurten, lehen aldiz, Urretxuko emakumezkoen senior taldeak, Gipuzkoako txapelketa irabazi du! Eta
Euskal Herriko bigarren maila nazionalera igoera lortu du! Garaipena eta ospakizuna guri egokitu bazaigu ere, garaipena denona da! Gaurko jaia entrenatzaileei, familiei, eta nola ez, aurretik bidea egin diguten emakumeei eskeintzen diegu! Egindako ibilbidea askorentzat Saskibaloi Eskolan hasi zen eta poztasunez, tristuraz, lesioz, entrenamenduz, partidaz, lagunez eta aurkariz betea izan da! Baina batez ere, lanerako grina, izaera borrokalaria eta errespetuzkoa lortu ditugu, gure bizitzetan lagun izango ditugunak. Urretxuko neska guztiak animatzen ditugu kirola egitera!!! Eskerrak eman nahi dizkiogu Urretxuko Udalari eta Jai Batzordeari, Santa Anastasia jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeko ohorea gure esku uzteagatik. Eskerrak Goierri Saskibaloi elkarteari Urretxuko kirolari emandako babesagatik, bereziki emakumeon kirolari. Aldapa tabernari. Goierri Saskibaloia osatzen duten kide guztiei kirol honekiko erakusten duten pasioagatik. Gure familia eta lagunei, urte guztiko babesagatik. Urretxuar guztiei jai zoriontsuak opa dizkizuegu. Ez dira indarkeria matxistarik onartuko festa
hauetan. Gora Goierri Saskibaloiko Neskak! Gora Santa Anastasia!! Gora Urretxu!!”.