Urretxuko udal gobernuak frankismoak eraildako Txiki eta Otaegiren omenezko pankarta jartzea debekatu izana salatu du Urretxu-Zumarragako Sortuk

Urretxuko udal gobernuak Txiki eta Otaegiren omenezko pankarta jartzea debekatu duela salatu du Urretxu-Zumarragako Sortuk. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo du Askatzera lotuak 1975-2025 leloa duen pankarta Urretxuko festetan jartzea debekatzea. Horra hor Sortuk komunikabideetara igorri duen oharra.
“Arduragabekeria iruditzen zaigu, alkatearen aldebakarreko obsesio partikularrak justifikatzeko, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Mahaiak instrumentalizatu izana, bere ibilbidea aitzaki bezala hartzen duenean, zer,eta, oinarrizko bi giza eskubide zapuzteko: adierazpen askatasuna eta eskubide politikoak, alderdi politiko baten jardun politikoa mugatu nahian. Pankarta honekin Sortu alderdiaren intentzioa orain 50 urte frankismoak fusilatutako Txiki eta Otaegiren omenezko ekitaldia deitzea izan da. Ez dezagun ahaztu Txiki eta Otaegi frankismoaren erregimenaren biktima gisa aitortuak dituela Eusko Jaurlaritzak. Hori dela eta, adierazpen askatasunaren aurkako erabaki horrekin batera, biktima aitortuak diren bi euskal herritarren memoria eskubidea urratzea dator, baita biktimen berbiktimatzea eta biktimak lehen eta bigarren mailakoen artean banatzea ere. Bizikidetzan atzera pausuak dira horiek, eta aipatutako bi Mahaietan jorratuko ibilbideak horrelakoak gaindituak izateko norabidea eta helburua izan du. Gure aldetik, bizikidetzan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa, orain arte bezala, konbentzimendu, sasoi eta ardura osoz mantentzen dugu”.