
Harrera elkarteak Urretxuko alkateak beraien bazkidetza kanpaina zentsuratu duela salatu du. Horra hor Harrerak komunikabideetara bidali duen oharra:
“Harrera elkartearen funtzioa presoak etxeratzerakoan haien bergizarteratzea eta bizitza berria duintasunez eraikitzeko laguntza ematea da. Horretan laguntzeko Euskal Herri luze zabalean
5.000 bazkide lortzea dugu erronka. Bada, Urretxun ere bazkidetza deialdi horrekin bat eginez euskarri desberdinak jarri nahi izan ditugu festetan. Zoritxarrez badirudi bergizarteratze horren aldeko urratsak ez dituela gogoko Urretxuko alkate jaunak eta Presoak lagundu etxeratzean ere, egin bazkide zioten kartelak jartzea eragotzi digu. Era honetan, Urretxuko alkate jaunak zuzenki gatazkaren ondorioak jasan dituen gizartearen esparru bat baztertzera jo du. Inolaz ez bait dago ulertzerik Harrera elkartearen ekimena inoren kontrakoa denik, guztiz kontrakoa, bizikidetzaren alde eta euskal gatazkaren ondorioak gainditzeko ezinbestean landu beharreko esparru bat jorratzen du Harrerak. Beraz gogor salatu nahi dugu aldebakarrez eta soilik iritzi pertsonaletan oinarritutako Urretxuko alkate jaunaren erabakia. Harrera elkartearen jarduna oztopatzea, bizikidetzaren kontrako jarrera aktiboa izatea baino ez da eta lotsagabeki hortan ari dira batzuk. Oztopoak oztopo, lanean jarraituko dugu”.