Urretxuko jaiak udan hasi dira, udako giroarekin, eta udazkenean amaitu, udazkeneko giroarekin

Santa Anastasia jaiak iraileko hirugarren astean ospatu ohi dira eta, beraz, ohikoa da egun horietan pasatzea udatik udazkenera. Aurten ere hala izan da: jaiak udan hasi ziren eta udazkenean atzo sartu ginen. 20:19an, hain zuzen ere. Iparragirre Balerdi musika banda Gernikako Arbola plazan jotzen ari zen ordu horretan. Kantu afaria hasi zenerako udazkenean geunden. Udazkeneko eguraldia apur bat aurreratu zen, ordea: Euskal Jaiko ibilaldia amaitu eta gutxira euria hasi zen eta tenperatura asko jaitsi zen. Mirarizkoa izan zen. Iaz ibilaldia eguerdira pasa zen eta bai iaz eta bai aurten, igande goizean eguraldi ona egin du eta arratsaldean euria.
Jaiak ostiralean hasi ziren, sekulako beroarekin. Arratsaldean, haurrek txokolate jana egin zuten. Ondoren, erraldoiek, buruhandiek eta txarangak kalejira egin zuten, bandak eta txistulariek herriko kaleak alaitu zituzten eta Goierri Aldapa saskibaloi taldeko neskek pregoia irakurri zuten. Gauean hip-hop jaialdia egin zuten eta txosnetan ere kontzertuak izan ziren.
Herriko abelgorriak
Larunbat goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa egin zuten. Trikitilariek ekitaldia girotu zuten. Eguerdian bertsolariek abestu zuten. Horretaz gain, eguerdian eta arratsaldean idi proba saioak izan ziren. Ipiñarrietako idiak nagusitu ziren, 43 plazarekin. Bigarren postuan Rafa Alegriaren idiak sailkatu ziren (41 plaza), hirugarrenean Iker Zubillaga Igeldo-renak (40) eta laugarrenean Patxi Aranberrirenak (33). Urretxun egindako lana eta Zumarragako jaietakoa batu ondoren, hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera sailkatu dira. Urretxun azken postuan sailkatu zen Aranberri gelditu da Santa Lutzi eguneko saiotik kanpo.
Larunbateko ekitaldiekin jarraituz, Aukeran dantza taldeak Aiurri ikuskizuna egin zuen eguerdian Gernikako Arbola plazan. Udako azken egunetako eguzkiak gogor jotzen zuen une horretan. Arratsaldean xake eta gastronomia lehiaketak jokatu ziren. Gastronomia lehiaketan 40 kuadrillak parte hartu zuten. Txahal masailak prestatu zituzten, itsasoko eta lurreko osagaiekin. Auzokoak kuadrillak irabazi zuen sari nagusia. Aurkezpen onenari dagokion saria, berriz, Zalankanoak kuadrillak irabazi zuen. Beti bezala, giroa bikaina izan zen. Haurrentzako sukaldaritza ikastaroa ere izan zen. Bestalde, urteroko moduan, txistulariek kontzertua egin zuten. Gauean, Sin Perdon herriko taldeak eta Zea Maysek kontzertua egin zuten. Nahiz eta une batzuetan euria egin zuen, plaza jendez gainezka izan zen. Txosnetan ere kontzertuak izan ziren.
Euskal Jaia
Igandean, urretxuarrek Euskal Jaia ospatu zuten. Goizean artisauek erakusketa eta azoka egin zituzten eta ondoren ibilaldia hasi zen. Hamahiru kuadrillak parte hartu zuten. Herri kirol taldekoek arazoak izan zituzten, beraien karrozak matxura izan baitzuen. Ibilalditik atera zituzten arazoa konpontzeko eta plazara heltzen azkenak izan ziren.
Kantu poteoaren ondoren, urretxuarrek kiroldegian, frontoian eta Gainzuri ikastetxeko patioan bazkaldu zuten. 1.500 lagun elkartu ziren. Arratsaldean, karroza lehiaketako sariak eman zituzten. Lehiaketa Barunba kuadrillak irabazi zuen, adimen artifizialari buruzko Hari ikusezinak lanarekin. Adimen artifizialaren eskuetan dauden txotxongiloak izateko bidean garela salatu zuten. Herritarren saria HDM kuadrillak irabazi zuen, Eutsi diezaiogun barneko ume ameslariari lanarekin. Ondoren, Zatekeen taldeak kontzertua egin zuen eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak herriko kaleetan jo zuen. Gauean, euskararen aldeko kandela piztearen ondoren, Gozategi taldeak jo zuen.
Kuadrillen Eguna
Jaiak atzo bukatu ziren, Kuadrillen Egunarekin. Goizean haurrak izan ziren protagonistak. Jolas parkea eta moto eta patinete lasterketak izan zituzten. Eguerdian, kuadrillek bazkaria egin zuten. Ondoren, sokatira txapelketa jokatu zen.
Iluntzean, Dirty Durum Brass Band taldeak eta Iparragirre Balerdi musika bandak girotu zuten herria. Santa Anastasia jaiak, urteroko moduan, kantu afariarekin amaitu ziren.