
ELA sindikatuak hiru greba egun deitu ditu adinekoen egoitzetan, Gipuzkoako erresidentzietako langile publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala
dagoela salatzeko. Lehe greba eguna atzo egin zuten eta 11:00etan manifestazioa egin zuten Donostian, aldunditik abiatuta. Gaur bigarren greba eguna izango dute. 11:30ean kontzentrazioa egingo dute Ordiziako Foruen pasealekuan. Hirugarren greba eguna bihar izango da. 11:00etan zaintzaldia egingo dute Donostiako Katalunia enparantzan.
Horra hor ELAk hedabideetara bidalitako oharra:
“Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek iraileko lehen greba eguna egin dute. Manifestazio jendetsua egin dute Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuta, aldundiari honako hau eskatzeko: langileen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko eta lan jardun osoko kontratuak. Izan ere, ELAk aztertutako datuek agerian utzi dute egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dagoela lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean, hau da, urtean 10.000 euro baino gehiagokoa. Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik diferentzia nabarmenagoa baita. Ondorioz, arrakala bikoitza jasaten dute. Horregatik, aldundiari eskatu diote arrakala horrekin amai dezala. Kontratazioa ere aldatzea gakoa da horretarako, partzialtasuna eta azpikontratazioa baitira soldata arrakaleran aldagai nagusienak. Gogora dezagun 5.000 bat langile biltzen dituen sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa dela eta azpikontratazioa %93koa. Kontuan izanda langile gehien-gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapeldun da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki. Sindikatuak auzi horiek behin eta berriz mahai gainean jarri baditu ere, aldundiak ez du urratsik egin konponbiderako. Horregatik, atzoko manifestazioan horixe aldarrikatu zuten langileek hitzarmen berriaren negoziazioari begira. Gaur (osteguna) eta bihar (ostirala) ere greba egunak izango dituzte Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetan. Gaur, mobilizazioak eskualdeka hedatuko dira, eta ostiralean, irailaren
26an, Zaintzaldia egingo dute Donostian, alfonbra morea, film laburra eta sari banaketa eta guzti”.