
Astearteko osoko bilkuran Argixao futbol zelaiari Mitxel Badiola izena ematea onartu zen. Urolako trenaren geltokia berreskuratzeko eta ingurua urbanizatzeko proiektua ere onartu zen. Amaieran edateko uraren hornidura eta estolderia zerbitzua Aquarbe enpresari esleitu zitzaion eta gaiaren inguruko eztabaidak luze jo zuen.
Badiola Urolako jokalaria eta entrenatzailea izan zen eta Realaren harrobian lan egin zuen. Iazko maiatzean hil zen. Urolak futbol zelaiari bere izena jartzeko eskatu zion udalari eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Osoko bilkuran Badiolaren alargunak eta semeak, Ilham Dhali eta Akram, eta Urolako hiru kidek parte hartu zuten: Felipe Elgarresta lehendakariak eta Badiolarekin jokatu zuten Iñaki Aranzadik eta Mikel Mesonerok.
Mikel Serrano alkateak batzuetan osoko bilkurak hunkigarriak izaten direla eta asteartekoa horietakoa zela esan zuen. «Mitxelen ekarpena aitortzera gatoz. Kirolean balioak transmititu zituen. Urolak futbol zelaiari bere izena emateko eskatu digu, Urolaren eta bi herrien alde egindako lanagatik».
Alkateak Badiolaren ibilbidea goraipatu zuen. «14 urterekin hasi zen Urolan, 1984an. 1991-1992 denboraldian Hirugarren Mailara igo zen taldeko kidea izan zen. Bera izan zen goleatzaile nagusia denboraldi hartan. 15 denboraldi eman zituen Urolan. 279 partida jokatu zituen lehen taldearekin eta 144 gol sartu zituen. Urolaren historiako goleatzaile nagusia da. Beasain, Elgoibar eta Lagun Onak taldeetan ere jokatu zuen».
2000-2001 denboraldian utzi zion futbolean jokatzeari. Ondoren, Urolaren lehen taldea entrenatu zuen, Aranzadirekin batera. Urolako kirol zuzendaria ere izan zen eta klubaren egungo lan metodologia ezarri zuen. 22 urte eman zituen guztira Urolan. Ondoren, bi urte eman zituen Eibarren harrobian eta 2012tik aurrera Realaren harrobian lan egin zuen. Bertan ere egungo lan metodologia ezarri zuen. Gainera, Realaren eta Urolaren arteko hartu-emana sendotu zuen.
Elgarrestak ere hitza hartu zuen. «Garrantzi handia ematen diot, batez ere, formakuntzan egin zuen lanari. Gure kasuan, klubak martxan zuen aldaketa bizkortu zuen: Urola modernitatera eramaten lagundu zuen. Herritarrak izen aldaketa egunean egingo dugun ekitaldira gonbidatu nahi ditut».

Mitxel Badiola, Urolaren 1.000 gola sartzeagatik garaikurra jaso zuenean.

Mitxel Badiola, zutik eskuinetik bigarrena, bere taldekideekin Hirugarren Mailara igoera ospatzen.

Elgarresta, Aranzadi eta Mesonero, astearteko osoko bilkuran.