Atzo omenaldia egin zuten Baionan eta gaur Urretxun egingo dute

Atzo (osteguna) Baionako Monbar hotelean izandako sarraskiaren 40. urteurrena izan zen. Atentatu horretan lau errefuxiatu hil zituzten eta beste bat zauritu. Hil zutenetako bat Jose Mari Etxaniz Potros urretxuarra izan zen.
Atzo, omenaldia eta aitortza egin zieten hil zituzten tokian. Bertan, Etxanizen senitarteko eta lagunak eta EH Bilduko bi zinegotzi (Julen Azpeitia eta Rikardo Babarro) izan ziren. Gaur, Urretxun egingo dute ekitaldia. 19:00etan lore eskaintza egingo dute Etxanizen jaiotetxean. Ondoren, kalejira egingo dute Areizaga-Kalebarren plazaraino. Bertan, ekitaldia egingo dute.
Monbar hoteleko sarraskia 1985eko irailaren 25ean gertatu zen. Hoteleko kafetegira sartu ziren bi pertsona tiroka hasi ziren, eta Jose Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza hil zituzten. Jean Iriarte zauritu egin zuten. Luze aritu zitzaizkien tiroka, hilik zeudela ziurtatzeko. Espainiako Estatuak sustatutako GAL taldeak eginiko atentatuetan odoltsuena izan zen hura.