
Ostegunean Baionako Monbar hotelean izandako sarraskiaren 40. urteurrena izan zen. Atentatu horretan lau errefuxiatu hil zituzten eta beste bat zauritu. Hil zutenetako bat Jose Mari Etxaniz Potros urretxuarra izan zen. Atzo Etxanizen omenezko ekitaldia egin zuten Urretxun. Hasteko, lore eskaintza egin zuten bere jaiotetxean. Ondoren, kalejira egin zuten Areizaga-Kalebarren plazaraino. Bertan, testu bat irakurri duten, aurreskua dantzatu zuten eta Eusko gudariak abestu zuten.
Monbar hoteleko sarraskia 1985eko irailaren 25ean gertatu zen. Hoteleko kafetegira sartu ziren bi pertsona tiroka hasi ziren, eta Jose Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza hil zituzten. Jean Iriarte zauritu egin zuten. Luze aritu zitzaizkien tiroka, hilik zeudela ziurtatzeko. Espainiako Estatuak sustatutako GAL taldeak eginiko atentatuetan odoltsuena izan zen hura.