Urriaren 17a da izena emateko azken eguna

“Lauso ala pauso?” Aurten ere galdera batekin abiatuko da Sormonak nerabeei zuzendutako sormen prozesu-lehiaketa. Galdera iradokitzaile horrekin, parte hartzea argi ez duten ala aurrekoetan argi izan ez duten nerabeak aktibatu nahi ditu Urretxuko Udaleko Gazteria sailak, pausoa eman eta aurkez daitezen. “Zer da egin nahi duzuna?” galdera ere badakar eskuorriak, egin nahi duten hori egiteko aukera eskaintzen baitie Sormonakek, sormena artearen eta kulturaren esparruan ez ezik, gainerako esparrutan ere ulertuta. Hala, aurreko bi aldietan askotariko proiektuak aurkeztu eta saritu dituzte.
Sormonaken hirugarren aldi honetan ere, sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean duen onura aldarrikatu nahi du Urretxuko Udalak. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa ere zabaldu nahi du, ohiko estereotipoei aurre eginez. Aurrekoetan bezala, lehiaketa ere izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta inguruko zein Euskal Herriko adituen laguntza izango dute. Lan originalak zein beste lan batzuetan oinarritutakoen bertsioak aurkeztu ahalko dira, zeinahi esparrutakoak: kultura eta arte esparrukoak izan daitezke, baina baita beste esparrutakoak ere. Prozesua bera sariak baino aberasgarriago izatea nahi luke Urretxuko Udalak.
Izen ematea gaur ireki da eta urriaren 17ra arteko epea izango dute ideiak aurkezteko, labur.eus/SMNK2025 helbidean. Behin ideiak aurkeztuta, baliabideak eskatzeko epea zabalduko dute urriaren 20tik aurrera. Eta, baliabideak eskuratuta, urtarrilaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak. Prozesu osoan zehar Gazteria sailaren laguntza izango dute eta, behar izanez gero, baita komunitateko eta kanpoko adituena ere.
Sari banaketa ekitaldia otsailaren 12an egingo, Pagoeta gune soziokulturalean. Ekitaldi horretan aurkeztutako lanez gozatzeko aukera izango da. Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte egun horretarako lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; eta taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute, proiektuari lotutako produktuetan, emanaldietan edota zerbitzuetan baliatzeko, bailaran edota Euskal Herrian.
Parte hartzeko oinarriak aurreko urteetako beretsuak izango dira, baina bi berrikuntzekin: batetik, Adimen Artifiziala baliatuz gero aitortu egin beharko da; bestetik, baliabide materialak behar diren kasuetan, komunitateko saltokietan eskuratu daitezkeen baliabideekin egindako lanak lehenetsiko dira saritzeko eta Erasmus+ programan parte hartzeko.
Urretxuko Udaleko Gazteria saila Erasmus+ programarako proiektua lantzen ari da Wiesbadeneko (Alemania) Udalarekin, datorren urtean Wiesbadeneko nerabe talde batekin elkartrukea egin ahal izan dezaten 15 lagunek. Behin Europako diru-laguntzak esleituta, bi udalek hautaketa prozesua nola egin zehaztuko dute.