
Brumadensa Urretxu eta Zumarragako taldeak Moscow Death Brigade talde errusiarrarekin joko du urriaren 21ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Ateak 20:00etan irekiko dituzte. Sarrerak jimmyjazzgasteiz.com webgunean eros daitezke, 18 euroan. Egunean bertan 22 euroan salduko dituzte.
Moscow Death Brigade taldeak techno, rap eta punk musikak uztartzen ditu, gerraren, arrazakeriaren eta diskriminazio ororen aurka. Grafitiaren munduan sortu zen, duela 15 urte. Herrialde askotan jo dute eta dirua biltzen dute kausa aurrerakoien alde.
Beraien musika oldarkorra da eta eszenaratzea asko zaintzen dute. Hala, kontzertuan zehar dekorazioa aldatzen dute eta maskota bat dute: taldekideek soinean daramaten txandalaren antzekoa daraman krokodilo antropomorfiko bat.
Urretxu eta Zumarragako Brumadensa taldeari dagokionez, 2017ko amaieran sortu zuten sei lagunek. Egun, sei horietatik bi bakarrik gelditzen dira: Alex Bravo eta Ibon Dominguez. Beraiekin batera, Aitor Carrascok eta Moises Gorjonek jotzen dute. Dominguez abeslaria da, Gorjonek baxua jotzen du, Aitorrek bateria eta Bravok gitarra.
Hardcore metal musika jotzen dute. «Lehen diskotik bigarrenera aldaketa handia egin genuen. Lehen diskoan bi abeslari ginen, metala eta rapa nahasten genituen eta DJa eta guzti genuen. Bigarren diskorako lau lagun ginen eta lauroi hardcore metala gustatzen zitzaigun. Ordutik, musika hori egin dugu», azaldu du Dominguezek.
Kontzertuak lortzea, «zaila»
Lehen diskoa pandemian atera zuten eta Urretxuko Labeaga aretoan aurkeztu behar izan zuten. «Ikusleak eserita egon behar izan ziren eta etsigarria izan zen, gure musika ez baita eserita egotekoa. Azken diskoa 2023an atera genuen. Iaz bi taldekide berri hasi ziren. Egun, abesti berriak prestatzen ari gara. Beraien lehen lana gure kantak ikastea izan zen eta orain taldea bere egiten ari dira. Horretarako, onena bakoitzak bere ekarpena egitea da. Bizpahiru abesti berri ditugu jada. Ea datorren urteko martxorako lauzpabost abestiko diskoa kaleratzen dugun».
Kontzertuak lortzea oso zaila dela diote. «Izen apur bat ez baduzu, oso zaila da kontzertuak lortzea. Disko bat ateratzen dugunean ehun bat email bidaltzen ditugu eta bizpahiru kontzertu bakarrik lortzen ditugu. Geroz eta kontzertu gutxiago antolatzen dira eta gaztetxeak aldatzen ari dira. Areto txikietan ere gauzak aldatu egin dira: lehen ordaindu egiten zizuten eta egun zuk ordaindu behar duzu. Alokairua ordaindu behar duzu eta sarrerekin dirua berreskuratzen baduzu, ondo. Bestela… Kontzertu asko lagunen eskutik edo ezagutu ditugun taldeen eskutik egiten ditugu. Guk gure kontzertuetara gonbidatzen ditugu eta beraiek beraienetara. Kontzertu ia guztietan dirua galtzen dugu, baina ez zaigu inporta. Hau gure zaletasuna da. Hilean behin edo bitan jotzearekin, gustura. Gainera, astero jotzea gogorra da».
Kontzertuak lortzea zaila den arren, azkenaldian kontzertu bereziak lortu dituzte: Urretxuko jaietan txosnetan jo zuten, urrian Gasteizen joko dute eta ondoren Galiziara joateko asmoa dute.