
Larunbatean eta igandean Zumarragako Etxeberri auzoko jaiak ospatuko dituzte.
Larunbat goizean, 11:30etik 13:30era, haurrentzako eskulan saioak izango dira. Arratsaldean, 16:00etan, mus txapelketa jokatuko dute. Parte hartu nahi dutenek Oleta tabernan eman behar dute izena. Haurrentzako jolasak ere izango dira: 16:30etik 20:30era txikienek ohe elastikoetan jolasteko aukera izango dute.
Iluntzean, 20:00etan, Etxeberri auzora hurbiltzen direnek han bertan moztutako urdaiazpikoa dastatzeko aukera izango dute. Ondoren, 20:30ean, kuadrillek afari-merienda egingo dute. Afari-meriendan parte hartu nahi dutenek Oleta tabernan eman behar dute izena. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23:30ean dantzaldia izango da Dj batekin.
Iganderako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 11:30ean toka txapelketa jokatuko dute. 13:00etan herri kirol erakustaldia egingo dute eta 13:30etik aurrera trikitilariek Etxeberri auzoa alaituko dute. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, trikitilariek girotuta. Herri bazkarian parte hartu nahi dutenek Etxeberriko Oleta tabernan eman behar dute izena.
Bukatzeko, 16:30etik 20:30era haurrek ohe elastikoetan jolasteko aukera izango dute.