Urretxuko jaietako gastronomia lehiaketa Lagunak kuadrillak irabazi zuen, baina akats bat medio, saria Auzokoak kuadrillari eman zioten

Urretxuko jaietako gastronomia lehiaketan, hankasartze bat medio, sari nagusia Auzokoak kuadrillari eman zitzaion. Irabazlea Lagunak kuadrilla izan zen, ordea. Goierri kirol elkarteak, ekitaldia antolatzen duen elkarteak, idatzi bat bidali du komunikabideetara akatsa onartuz eta barkamena eskatuz. Horra hor komunikabideetara bidalitako mezuaren edukia:
“Sare sozialetan piztu den eztabaida dela eta, lehiaketako argazkiak begiratu ditugu eta zenbakiaren irakurketan akats bat egon zela ikusi dugu. Lehiaketa irabazi zuen plateraren ezaugarri bereziak direla eta, ez dago zalantzarik: lehiaketa Lagunak kuadrillak irabazi zuen. Argazkiak begiratu ondoren, plateraren aurkezte ordenari dagokion zenbakia kuadrillaren zenbakiarekin nahastu genuela ikusi dugu. Hankasartzea onartzen dugu eta barkamena eskatu nahi diegu Auzokoak eta Lagunak kuadrillei”.