Herritarren lankidetza behar du, eta inkesta bat betetzeko eskatu die. Udaletxeetan, kultur etxeetan eta kiroldegietan dago, eta internetez ere bete daiteke.

Uggasa Urola Garaiko Garapen Agentzia Goierri garaiko mugikortasun jasangarrirako diagnostikoa egiten hasi da, lau herrietako udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Diagnostikoaren helburua hirukoitza da. Alde batetik, biztanleen mugikortasun beharrak eta aukerak identifikatu nahi dituzte, bestetik, garraio azpiegituren eta zerbitzuen hobekuntza beharrak aztertuko dituzte, eta hirugarrenik, eragileen arteko lankidetza erraztea nahi dute.
Diagnostikoa burutzeko herritarren laguntza behar dute, eta inkesta bat betetzeko eskatu diete. Inkesta hori modu anonimoan egin daiteke, eta bertan mugikortasunaren ezaugarri, gabezia eta erronka nagusiei buruzko galderak daude jasota.
Galdetegi horrekin, eskualdearen errealitatea eta herritarrak kezkatzen dituzten arazoak ezagutu nahi dute da, eta ahalik eta jende gehienak betetzea garrantzitsua dela diote. Bildutako informazio guztiarekin mugikortasunaren diagnostiko bat egingo dute, azaroan amaituko dutena.
Inkestaren formatu fisikoa dagoeneko eskuragarri dago lau herrietako kiroldegietan, kultur etxeetan eta udaletxeetan. Formatu digitalean, https://forms.cloud.microsoft/e/iNk4Dc94cN estekan egongo da urriaren 16ra arte.