Xabier Egañak artista bizkaitarrak mural ikusgarri bat egin zuen 1978an

Zumarragako Ezkiotarra jatetxeko bezeroek, ondo jateaz gain, artelan batetaz gozatzeko aukera dute. Herritarrek betidanik hor ezagutu dute eta askok ez zioten inoiz garrantzi handirik emango, baina Ezkiotarrako murala balio eta edertasun handikoa da. Xabier Egaña artista bizkaitarrak egin zuen 1978an (1999an zaharberritu egin zuen). Muralean Zumarragako hainbat toki esanguratsu eta sinbolo margotu zituen: Euskadi plaza, Antioko baseliza, trikitilariak…
Egaña artista handia da. Jorge Oteizak basilikako fatxadako apostoluak egiten Arantzazun eman zuen bigarren aldian, 1968an, haren tailerrean jardun zen lanean. Egañaren obra garrantzitsuenen artean Arantzazuko Ama Birjinaren ganbaratxoko muralak, Zarauzko San Pelaio parrokiako absidea eta Salbatore Mitxelenaren omenezko horma daude. Alemanian eta Puerto Ricon erakusketak egin ditu, besteak beste.
Artista bizkaitarraren margoek kubismoaren eragina dute figuren eskematizazioari erreparatuz gero. Bere lanetan nagusi diren kolore bizi eta dirdiratsuei dagokienez, espresionismotik hartu ditu.
Baina, nolatan egin zuen mural bat Zumarragako Ezkiotarra jatetxean? Ezkiotarra jatetxea Patxi Idiakezek eta Dominica Aranburuk ireki zuten Urretxuko Iparragirre kalean. Ondoren, Urretxuko Baroikua etxera joan ziren (egun Laboral Kutxa dagoen tokira). Haiek utzi zutenean, beraien iloba Miguel Aranburuk eta bazkide batek hartu zuten. 1978an Miguel Aranburuk eta bere emazteak (Consuelo Nuñez) Ezkiotarra jatetxea Zumarragako plazara eraman zuten. 1964tik Zumarragako Berri tabernako nagusiak ere baziren.
Arantzazutik Zumarragara
Consueloren anaia, Juan Manuel Nuñez, Arantzazun fraide zegoen, Egañarekin. Bizkaitarra eta gipuzkoarra lagun onak ziren eta Nuñezek bere arrebaren jatetxean mural bat margotzea proposatu zion Egañari. Honek baiezkoa eman zuen. «Jangelako horma hutsik zegoen eta mural bat egitea proposatu nion Egañari. Jatetxea ikustera joan ginen eta egitea erabaki zuen. Gaia berak aukeratu zuen. Bai gaia eta bai murala oso politak iruditzen zaizkit», azaldu du Nuñezek.
Nuñez Santo Toribio de Liebanako (Kantabria, Espainia) monasterioan bizi da egun, baina aurki Arantzazura itzuliko da. «Arantzazun nengoenean askotan joaten nintzen afaltzera arrebaren tabernara, beste fraideren batekin. Hilabete barru Arantzazura itzuliko naiz. Frantziskotar euskaldunak Arantzazura itzuliko gara, gure ordez mexikarrak etorri baitira».
25 urte eman ditu Santo Toribio de Liebanan, bi arotan. «Arantzazutik atera nintzenean hona etorri nintzen, ondoren Naiarara (Errioxa, Espainia) bidali ninduten eta azkenik berriro Santo Toribio de Liebanara. 16 urte daramatzat Santo Toribio de Liebanan eta gogorra egingo zait hemendik ateratzea. Beste alde batetik, ilusioa egiten dit Arantzazura joateak: etxera itzultzea suposatzen du, ikasketak egin nituen tokira. Arantzazun nengoenean, 200 bat lagun bizi ginen bertan. Egun, hogei bat dira».
Hemendik aurrera Zumarragara gehiagotan etortzea espero du. «Ama hil zenetik, Zumarragara joateari utzi nion. Lehen urtero joaten nintzen, gutxienez Santa Isabel eta Santa Lutzi egunetan. Hemendik aurrera gehiago joango naiz».