
Urretxun eta Zumarragan minbiziaren aurkako martxa egingo dute lehenengoz. Azaroaren 8an izango da. Parte hartzaileak 11:00etan abiatuko dira Zelai Arizti parketik eta hiru kilometro osatuko dituzte bi herrietako kaleetan. Izena emateko, sakatu hemen. Asteazkenetik aurrera Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan (Iparragirre hiribidea, 1) eta Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan ere izena eman ahal izango da. Izen-emateak 10 euro balio du. Parte hartzaileei kamiseta bat oparituko diete eta jasotako dirua eskualdeko paziente eta senideei laguntzeko erabiliko dute. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak herritarrak ekitaldi solidario horretan parte hartzera animatu ditu.
Martxaren helburuak lau dira: gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko, kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea eta, batez ere, Zumarraga eta Urretxuko eta eskualdeko gizarteari aukera ematea minbizia duten paziente eta senideei babesa adierazteko, ekitaldi hunkigarri eta solidario baten bidez.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete minbizia duten pazienteei eta beraien senideei. Ez da beharrezkoa bazkidea izatea doako arreta eta zerbitzu horiek jaso ahal izateko. Arreta soziala, arreta psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua, erretzeari uzteko terapiak… eskaintzen dituzte.