1975eko irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten eta azaroaren 20an Francisco Franco diktadorea hil zen. Gema Lizarazu-Jesus Mari Kerejeta eta Itziar Astigarraga-Patxi Lizarazu bikoteak urriaren 12an ezkondu ziren.

Oso nahasia izan zen 1975eko udazkena. Irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten eta azaroaren 20an Francisco Franco diktadorea hil zen. Tartean, hamaika atxiloketa eta atentatu. Giro nahasi horretan, herritarrek askatasun aldarria eta eguneroko bizitza uztartzen zituzten. Gema Lizarazu-Jesus Mari Kerejeta eta Itziar Astigarraga-Patxi Lizarazu bikoteak udazken hartan ezkondu ziren. Igandean 50. urteurrena ospatu zuen, 1975ean baino giro lasaiagoan.
Gema eta Patxi anaiak dira. Gabiriako Zantagoiti baserrikoak. Jesus Mari urretxuarra da. Itziar, berriz, Deban jaio zen, baina 5 urte zituenean familia Donostiara joan zen. Gemak eta Jesus Marik Golden dantzalekuan ezagutu zuten elkar. Itziarrek eta Patxik, berriz, Hernanin. Patxi Donostiara oinez joan zen eta ondoren lagunekin elkartu zen Hernaniko dantzaldira joateko. Bi bikoteek 1971n ezagutu zuten elkar.
Lau urte beranduago, ezkontzea erabaki zuten. «Donostiako taberna batean elkartu ginen batean erabaki genuen bi bikoteak batera ezkontzea. Ondoren, Etxeberri jatetxera joan ginen», azaldu du Kerejetak. «Urriaren 11n ezkondu nahi genuen, baina 11n dena hartuta zegoen», gehitu du Astigarragak. «Inork ez zuen Pilarika egunean ezkondu nahi!», dio Kerejetak. Izan ere, urriaren 12a espainiarren egun handia eta guardia zibilaren eguna da eta inork ez zuen Espainiarekin eta guardia zibilarekin lotzerik nahi.
Ezkontzan Madrilgo desfilean baino jende gehiago elkartu zen ia: 300 bat lagun. Ahuntzik ez zuten (ezta behar ere), baina gonbidatu berezi bat izan zuten: elurra. Gabirian ezkondu ziren eta ondoren Etxeberrira joan ziren bazkaltzera. «Aurreko egunetan euria egin zuen eta Gabirian, dantzariak dantza egiten hasi behar zirenean, elurra hasi zen. Bazkarian zehar ere elurra egin zuen. Bazkalostean gizonezkoak elurrarekin jolasten hasi ziren eta emakumeak haserretu egin ziren», gogoratu dute. Barrenak berotzeko, mihi-arraina menier erara eta pintada armagnac-arekin jan zuten.
Euskal Herriko giro berotik eta elurretik, Kanarietako giro lasaira eta eguzkira. «Kanarietan sekulako beroa egin zuen. Gema erre egin zen!», dio Kerejetak. Jose Mari Goenagaren eta Jose Ramon Soroizen eskutik azkenaldian guztion ahotan dabilen Maspalomasen izan ziren. «Pentsa zenbat urte pasa diren eta orduan ere jendea larrugorritan ibiltzen zen», aipatu du Astigarragak.
Lagun kanariarra
Taxista bat izan zuten gidari. «Aireportutik hotelera eraman gintuen taxilariak Donostian egin zuen soldadutza eta euskaldunak estimu handian gintuen. Euskaraz ari ginela konturatu zenean, gure gidaria bera izango zela esan zigun. Bidaia antolatu batean parte hartu behar genuen, baina gutako bat gaixo zegoela esatea gomendatu zigun. Hala, berarekin ibili ginen ia egunero. Inor joaten ez zen tokietara eraman gintuen. Gurekin bazkaltzen zuen. Juan Medina Toledo zuen izena. Harrezkero, Kanarietara joaten zirenak berarengana bidaltzen nituen», azaldu du Kerejetak. «Pertsona ona zen», gehitu du Patxi Lizarazuk.
Penintsulara itzuli zirenean, errealitate gordinari aurre egin behar izan zioten. Kerejetak anaia kartzelan zuen, Madrilen, eta bera bisitatzera joan ziren Euskal Herrira itzuli aurretik. Astigarragak etxera bueltan kontrol batean gelditu zituztela gogoratu du.
50 urteotan gauza asko gertatu dira, munduan, Euskal Herrian eta bi bikoteen bizitzan. Patxik Zumarragako Esteban Orbegozo fabrikan lan egin zuen. Jesus Mari ere Orbegozon hasi zen, baina ondoren Banco Centralera joan zen. Gemak eta Jesus Marik hiru seme-alaba dituzte eta bost biloba. Itziarrek eta Patxik, bi seme-alaba eta hiru biloba. Ez dute elurrik ikusiko urrian eta ea fusilamendurik ere ikusten ez duten.