Leire eta Iban Urrutibeazkoa anai-arreba tolosarrek Uriba Doss gizonezkoentzako arropa-denda ireki dute Zumarragan
Maribel eta Jose Luis Guzman anai-arreba zumarragarrek Leire eta Iban Urrutibeazkoa anai-arreba tolosarrei pasa diete lekukoa. Tolosarrek Uriba Shop denda dute Ordizian eta Zumarragako Secundino Esnaola kaleko Doss hartu dute. Uriba Doss izena jarri diote. Gaur (ostirala) ireki dute.
Leirek 35 urte ditu eta Ibanek 31. Leirek Komunikazioa ikasi zuen. “Publizitate munduan, enpresa munduan, lan egin nuen. Pandemia iritsi zen eta nire bizitza aldatu nahi nuen, ez bainengoen oso gustura. Hala, anaiarekin batera, proiektu hau hasi genuen”.
Ibanek Lehen Hezkuntzako gradua egin zuen, Gorputz Heziketako aipamenarekin. “Ikasketak bukatutakoan ez nekien oso ondo zer egin nahi nuen eta hainbat sektoretan lan egin nuen: ostalaritzan hilabete batzuk, Vans zapatila multinazionalean bi urte eta erdi eta aitarekin industria sektorean. Horren ondoren, arrebari eta bioi gure proiektua martxan jartzeko aukera suertatu zitzaigun”.
Lehen denda Ordiziako Kale Nagusiko 25ean ireki zuten. “Ordiziako azokara joan ginen eta mutilentzako gauza gutxi zegoela ikusi genuen. Gainera, zegoena, nesken arroparekin nahastuta. Guri herriko dendetan erostea gustatzen zaigu, komertziorik gabeko herri bat ez baita komertzioa duena bezain goxoa. Tolosan denda asko daude eta Ordizian gutxiago zeudela ikusita, Ordizian denda irekitzea erabaki genuen”.
Orain, Zumarragan bigarren denda irekitzea erabaki dute. “Urretxu eta Zumarragak herrigune handia osatzen dute eta hemen ere merkatu-nitxo bat bete gabe zegoela iruditu zaigu: kirol arropa eta arropa dotorea saltzen duten dendak daude, baina erdibidekoa falta da. Ordizian lokal aproposa ikusi genuen eta Zumarragan ere hori gertatu zaigu. Beste lokal bat begiratzera etorri ginen, Maribelen dendan sartu ginen gustatu egin zitzaigulako eta jubilatzeko asmoa zuela esan zigunean zeruko ateak ireki zitzaizkigun. Lokal hau sekulakoa da eta mugimendua dagoen kale batean dago. Lan bakarra gure estiloa ematea izan da”.
Eta zein da Uriba estiloa? “Maribelek neskentzako eta mutilentzako arropa saltzen zuen eta guk mutilena bakarrik salduko dute. Gainera, guk beste marka batzuk ditugu. Maribelen Levi’s mantendu dugu, baina gainontzekoak guk ekarritakoak dira: Ecoalf, Revolution, Loreak Mendian, Tanta, Rhythm, Billabong, Element, Colorful… 20 bat marka ditugu. Horien artean, gure marka propioa. Kamisetak, jertseak, kirol-jertseak… egiten ditugu. Marka asko ditugu eta prezioei dagokienez ere denetik dugu: kamiseta merkeenek 20 euro balio dute eta garestienek 60. Eta estilo guztiak ditugu. 20 urtetik gorako guztiei zuzenduta, gainera. Lehen 60 urteko gizonezkoak alkandora jantzi behar zuela zirudien, barrutik sartuta gainera. Egun, beste era batera janzten dute eta kolore gehiagorekin gainera. Denetik dugu, denda handia baita”.
Osagarriak ere saltzen dituzte: motxilak, gerrikoak, diru-zorroak, zapatilak… “Gainera, pixkanaka bertakoen behar eta nahietara moldatuko gara. Ordizian bezeroekin konfiantza handia dugu eta beraiek eskatzen dizkiguten markak ekartzen saiatzen gara. Eskaintza etengabe berritzen saiatzen gara”.
Gipuzkoa ondo ezagutzen dute: tolosarrak dira, Ordizian lan egiten dute eta orain Zumarragara etorri dira. “Kostaldean modernoagoak dira eta ausardia hori barrualdera ekartzen saiatzen gara. Tolosa Zumarraga eta Ordizia baino pixka bat handiagoa da eta han kostaldeko esentzia nabarmenagoa da. Ordizian gure janzkera transmititu dugu eta Zumarragan ere hori egin nahi dugu. Gizonezkoen %80ak janzkera basikoa izan ohi du eta gure lana behar berriak sortzea da. Erakusleihoan beroki gorri bat jarri dugu, adibidez. Beharbada ez duzu erosiko, baina ikustea polita da, ezberdina baita. Gure eskaintzaren %80 neutroa da eta %20 berezia. Hala, denengana heltzen gara. Gure estiloa dotorea da, baina pasa gabe. Eta erosoa”.

