Egun osoko festa da. Goizean hainbat ikastaro egin dituzte Gernikako Arbola enparantzan, eta arratsaldean kalera aterako dira erraldoiak eta buruhandiak.

Urretxuko erraldoi eta buruhandien konpartsak antolatuta, Ongi etorri txiki-handien erresumara jaialdiaren lehen edizioa ari da ospatzen herri horretan.
Jaialdia 11:00etan hasi da Gernikako Arbola plazan, erraldoiak eta buruhandiak egiteko ikastaroarekin eta erraldoiak mugitzeko formazio saio praktikoekin. Ondoren, euskal bandoleroen kontakizuna eskaini dute, eta goizeko ekitaldiekin amaitzeko, Urretxuko erraldoiek eta buruhandiek dantza saioa egin dute.
Jaialdiak jarraipena izango du arratsaldean. 18:00etan buruhandien topaketa hasiko da. Erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute Lizeoko patiotik Gernikako Arbola plazaraino. 18:30ean buruhandiek korrikaldi ikusgarria egingo dute, Abenidatik Gernikako Arbola plazara. 19:00etan erraldoiek eta buruhandiek dantza saioa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Bukatzeko, 19:30ean disko jaia egingo dute toki berean.
ARGAZKIAK: Urretxuko erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Tere Madinabeitia