Telleria enpresak Goierri kirol elkartearen gizonezkoen senior taldea eta emakumezkoen kimu mailako taldea babesten ditu

Telleria enpresa Argixao industrialdeko pabiloi ezberdinetan sakabanatuta dago eta 7.000 metro koadroko pabiloia egin du Urretxuko sarreran erosoago eta seguruago lan egin ahal izateko eta enpresari hazteko aukera emateko. 12,5 milioiko inbertsioa egin dute. Telleria enpresa historikoa da eta Goierri elkarte historikoarekin batu ditu indarrak: gizonezkoen lehen taldea eta emakumezkoen kimu mailako taldea babestuko ditu. Astelehenean gizonezkoen lehen taldea aurkeztu zuten enpresaren egoitza berrian.
Aurkezpenean Sergio Gonzalez de Galdeano saskibaloi saileko arduradunak, Jon Lekuona eta Telmo Igartua entrenatzaileek, jokalariek eta Telleria enpresako Iker Telleriak eta Jose Luis Romerok parte hartu zuten. Lekuonak taldea «gaztea eta talentuduna» dela eta hazteko gogoa duela esan zuen. Gonzalez de Galdeano ilusionatuta azaldu zen. «Denboraldi honetan ilusio berezia dugu. Gogor lan egin dugu talde lehiakorra eta konprometitua osatzeko eta zaletuek gozatu egingo dutela uste dugu».
Taldea Ekain Alustiza, Jon Amondarain, Xabier Blazquez, Oier Chico, Iker Esnal, Unai Fragua, Luken Gabilondo, Eder Otaegi, Aimar Pascual, Ibon Samaniego, Aitor Villalain eta Julen Zalduak osatzen dute.
Romerok Telleria enpresak herriko kirolariekin duten konpromisoa berretsi zuen. «Kirolak gure gizartea bateratzeko eta garatzeko balio du. Goierriren proiektuan sinisten dugu eta etapa berri honetan parte hartu nahi dugu. Goierrik eta Telleriak balio berberak ditugu: konpromisoa, esfortzua eta pasioa».
Goierriren gizonezkoen lehen taldeak Bigarren Nazional mailan jokatuko du. Telleriak, berriz, mundu mailako ligan jokatzen du. Eta, azken saskiratzearen eskutik (pabiloi berria), sailkapenean gora egitea espero du. Enpresa Nicolas Telleriak sortu zuen duela 49 urte, Brinkolan. 1986an Zumarragara joan ziren. 2005etik zentral hidroelektrikoetarako piezak mekanizatzen dituzte, batez ere. Alstom, Voith eta General Electric bezalako enpresa garrantzitsuentzat lan egiten dute. Tamaina ezberdinetako piezak mekanizatzen dituzte. Orain arteko handiena, hiru metro eta mila kilokoa.
Argazkiak: Luisan Tellez.