
Zazpi txirrindularik 23 urtez azpikoen mailara jauzi egingo dute, Urretxuko Smartlog Nest Cycling Team taldearen eskutik. Horien artean, Hodei Salaberria Izagirre urretxuarrak. Salaberriak Goierriren txirrindularitza eskolan eman zituen lehen pausoak. “Txirrindulari borrokalaria da eta sailkapenetako postu altuetan egoteko gaitasuna erakutsi du. Bere etengabeko ahaleginagatik eta lasterketak animatzeko gaitasunagatik nabarmentzen da, euskal txirrindularitzaren talentua islatuz”, azaldu dute taldeko arduradunek.
Smartlog Nest taldea sortu berria da. Gazteen garapen integrala du helburu. Horretarako, errendimendu altuko zentroa izango du Smartlog enpresa Urretxun eraikitzen ari den pabiloian. Gazteek kirola eta ikasketak uztartuko dituzte. Lehen kontzentrazioa joan zen asteburuan egin zuten.