Gorka Hermosaren Sonata No. 3 Peace Dream obrak urteko konposizio onenari saria irabazi du. Hermosak bosgarren aldiz irabazi du sari hori.
Sonata No. 3 Peace Dream 2024ko maiatzean estreinatu zen, Berliner Philharmonie auditorioan, Errusiaren eta Ukrainiaren arteko bakearen aldeko jaialdian. Hiru bakarlarik (ukrainar batek, errusiar batek eta Hermosak) eta orkestrak jo zuten. Bi melodia tradizionaletan oinarritzen da: ukrainar bat eta errusiar bat.
Obraren hasieran bi herrien arteko garai bateko adiskidetasuna gogoratzen da, gero gerratea deskribitzen da eta azkenik itxaropenari leihoa irekitzen zaio. Bigarren zatian gizakiaren biolentziaren irrazionaltasunari buruz hausnartzen da eta hirugarrenean bibliaren pasarteak txertatzen dira: ez duzu erahilko, eman beste masaila, barkatu eta barkatua izango zara…
Azken urteetan akordeoi munduko nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenak irabazi dituen Vladimir Stupnikov akordeoilari errusiarren enkargupean, Hermosak akordeoi bakarlariarentzako bertsioa prestatu du. Stupnikovek obraren grabazioa egin du eta hori izan da epaimahaiak entzun duen bertsioa.
