Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal, Amaia Iturriotz eta Txaber Altube bertsolariek abestuko dute
Bertso eskolak eta Soraluze tabernak Urrizko Bertsoa saioa antolatu dute. Beraien asmoa urtero antolatzea da. Lehen edizio honetan punta-puntako lau bertsolarik abestuko dute: Andoni Egaña beteranoak hiru gazterekin abestuko du: Amaia Iturriotz urretxuarra, Nerea Ibartzabal eta Txaber Altube. Saioa gaur (ostirala) izango da, 22:30ean, Urretxuko Soraluze tabernan. Antolatzaileek saio umoretsua izango dela esan dute.
Soraluze tabernako Arkaitz Aranburu bertsozalea da eta bertso eskolako gazteekin antolatu du saioa. “Bere garaian Martxoan Bertsoa lehiaketako kanporaketetako bat tabernan egitea eskaini ziguten eta urtero sekulako giroa egoten da. Hala, zerbait gehiago antolatzea erabaki genuen. Bi bertsolariri deitzea pentsatu genuen eta azkenean lau etorriko dira. Herritarrek eskatzen badute, ekitaldi gehiago antolatzeko prest gaude. Tabernariak herriari bizia emateko gaude”.
