Larunbatean Goierri txirrindulari eskolako kideek (txirrindulariek, arduradunek eta gurasoek) denboraldi amaierako bazkaria egin zuten. 45 lagun elkartu ziren. Goizean, kadete eta gazte mailako txirrindulariak Tolosara joan ziren, Auritz Ormazabal eta Ander Martinez taldekideak animatzera. Azken biek Tolosako ziklo kros proban parte hartu zuten. Ormazabal laugarren postuan sailkatu zen.
Bestalde, txirrindularitza eskolak izen-emate epea ireki du. Txirrindularitza gustuko duten urretxuar eta zumarragar guztiak izena ematera animatu ditu. Sei maila daude: benjaminak (2016an eta 2017an jaioak), kimuak (2014an eta 2015ean jaioak), haurrak (2012an eta 2013an jaioak), kadeteak (2010ean eta 2011n jaioak), gazteak (2008 eta 2009an jaioak) eta zikloturistak (2011n eta aurretik jaioak). Izena emateko goierribizikletaeskola@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali daiteke, 639 455 392 edo 620 175 904 telefono zenbakietara Whatsapp mezua bidali, Zatika dendara jo (Zumarragako Bidezar kaleko 2an eta Etxeberri auzoan) edo Zerki dendara joan (Urretxuko Ipeñarrieta kaleko 7an).
Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailak urte asko daramatza kirol horren alde lanean. Ehunka gazteri txirrindularitzan aritzeko aukera eman die eta horietako batzuk maila gorenera iritsi dira, gainera. Datorren urtean, lehen pausoak Goierrin eman zituzten lau txirrindulari profesional mailan arituko dira: Xabier Isasa, Nicolas Alustiza eta Gari Ugarte Euskaltel-Euskadin eta Alex Diaz Caja Ruralen.
