Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eman daiteke izena
Azaroaren 8an, larunbata, minbiziaren aurkako martxa egingo dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Izen-ematea zabalik dago. 300 lagunek eman dute izena dagoeneko.
Parte hartzaileak 11:00etan abiatuko dira Zelai Arizti parketik eta hiru kilometro osatuko dituzte bi herrietako kaleetan. Musika eskolako trikitxarangak ekitaldia girotuko du. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan (Iparragirre hiribidea, 1) eta Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eman daiteke izena. Baita enmarcha.contraelcancer.es webgunean eta bihar boluntarioek Urretxuko azokan jarriko duten postuan ere. Izen-emateak 10 euro balio du. Parte hartzaileei kamiseta bat oparituko diete eta jasotako dirua eskualdeko paziente eta senideei laguntzeko erabiliko dute.
Helburuak lau dira: gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko, kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea eta gizarteari aukera ematea minbizia duten paziente eta senideei babesa adierazteko, ekitaldi hunkigarri eta solidario baten bidez.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete minbizia duten pazienteei eta beraien senideei. Ez da beharrezkoa bazkidea izatea doako arreta eta zerbitzu horiek jaso ahal izateko. Arreta soziala, arreta psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua, erretzeari uzteko terapiak… eskaintzen dituzte.
Doako zerbitzuari indarra
Atzo, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, aurkezpen ekitaldia egin zuten. Bertan, Edurne Martinez de Treviño martxako arduradunak, Lurdes Aleman Minbiziaren Aurka Zumarragan taldeko boluntarioak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak parte hartu zuten.
Serranok Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari eskerrak eman zizkion. «Egiten duzuen lana oso garrantzitsua da, laguntzeko, bizipenak elkarbanatzeko… Egoera hori bizi izan dugunok, ondo dakigu. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan eta Katxalin elkarteek lokal bana dute Zumarragan eta udalak diruz ere laguntzen ditu, ikerketa sustatzeko. Eskerrak eman nahi dizkizuet ere martxa hau antolatzeagatik, gure laguntza duzue».
Zubillagak ere Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen lana goraipatu zuen. «Urola Garaian egoitza duzuenetik, harreman estua duzue Urretxuko Udalarekin. Lan ikaragarria egiten duzue gaixoei eta beraien senitartekoei laguntzeko. Martxa ere eskertzekoa da, jendea mugitzeko, gaixotasuna gizarteratzeko eta herritarrek elkartasuna adierazteko balioko baitu. Baita zuen egoitza eta gaixoen eta beraien senitartekoen alde egiten duzuen lana ezagutzera emateko ere. Denok dugu minbizia izan duen gertukoren bat. Herritarrak martxan parte hartzera animatu nahi ditut eta elkartekoei eskerrak eman nahi dizkizuet».
Alemanek martxaren helburuak aipatu zituen. Horretaz gain, pazienteak erdigunean jarri nahi dituztela eta dirua doako zerbitzua eskaintzen jarraitzera bideratuko dela esan zuen. «Hori dela eta, herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditut».
Martinez de Treviñok ere herritarrak parte hartzera animatu zituen. «Gure egoitzari bultzadatxoa eman nahi diogu. Jendeak non gauden jakin dezala. Adin guztietako bizilagunek parte har dezakete, baita maskotek ere».
Orain arte 300 lagunek eman dute izena. Hori dela eta, pozik azaldu zen. «Oso pozik gaude. Kiroldegietan, adibidez, jendea elkar animatzen ari da. Larunbatean Zumarragako azokan izan ginen eta han ere oso harrera ona izan genuen. Ostegunean Urretxuko azokan izango gara eta azaroaren 6ra arte kiroldegietan izena eman ahal izango da. Kamiseta egoitzan jaso ahal izango da, bezperan. Baita egunean bertan ere, 10:00etatik 13:00etara. Jendeari izena eguna baino lehen emateko eskatu nahi diot, antolaketa errazteko. 500 parte hartzailera heldu nahi dugu».
Babesleekin argazkia
Martxa hasi aurretik, 10:45ean, babesleekin eta udal ordezkariekin argazkia aterako dute. Ondoren, zinta mozketa egingo dute. Martxaz eta musikaz gain, salmenta postua izango da. Segurtasuna bermatzeko boluntarioak behar dituztela aipatu zuen eta babesle eta laguntzaileei eskerrak eman zizkien: Iturrioz eraikuntzak, Elur Aipatu, Smartlog, Talleres Mecanicos Telleria, Ezarri, Goilaser, Eurokarpa, Ederfil Becker, Zumarragako Udala, Urretxuko Udala, Goierriko Hitza, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Gurutze Gorria, Solan de Cabras eta Irizar.
