Fermin Goenaga zumarragarra azoketara joaten da bere ukenduekin. Sendabelarren inguruko jakintza galtzeak pena ematen dionez, erakusketa jartzen du eta dakien guztia kontatzen die bere postura gerturatzen direnei.
Fermin Goenaga zumarragarrak 25 urte inguru daramatza sendabelarren munduan lanean. Landaburu baserrian bizi da eta baserriaren kanpoaldean hamaika sendabelar ditu. Sukaldea bulego eta laborategi bezala erabiltzen du: sendabelarrak lehortzeko, orri informatiboak egiteko, ukenduak egiteko… Bere helburu nagusia urte hauetan guztietan ikasitakoa transmititzea da, gal ez dadin. Larunbatean Usurbilgo artisau azokan parte hartuko du eta igandean Zumarragako Buzkantza Egunean.
Azoketara geroz eta kontentuago joaten dela dio. «Nire helburua ez da dirua irabaztea, dakidana azoketara doazenei transmititzea baizik. Garai batean sendabelarrez zekitenek beraien sekretuak gorde egiten zituzten. Gehienetan lau belar erabiltzen zituzten eta beraien amak ukendua egiteko oiloen grasa, zaldiarena edo txerriarena erabiltzen zutela esaten zuten. Txerriarena da onena, gizakiarenaren antzekoena baita. Baina hori garraiatzailea besterik ez da, garrantzitsuena belarraren propietateak dira. Egun oliba olioa eta argizaria erabiltzen ditugu garraiatzaile bezala. Horiekin ukendua ez da iraungitzen».
Maitasuna
Beste osagarri garrantzitsu bat maitasuna dela dio. «Ukenduak maitasunarekin egiten ditut, sukaldeko txapa gainean. Atzo bertan 50 ukendu egin nituen. Behar bezala egiteko, denbora asko behar da».
27 ukendu mota egiten ditu. «Ez dut amonaren ukendua egiten, eta kito». Dakiena, jendearengandik ikasi du. «Erabilpenen berri ematen didate. Behin, ukenduaren erabiltzailearen ginekologoaren erizainak deitu zidan, harrituta, kalendulari esker bere arazoa konpondu zuelako. Egun, Madrilen (Espainia) bizi den eitzatar baten txakurra eta Fustiñanako (Nafarroa) zaldi bat ere tratatzen ari naiz. Eta baserriko ardiei pasmobelarra jartzen diete hanketan».
Aipatu bezala, ezagutza hori guztia transmititzeko, eskuorriak, sendabelarrak eta sendabelar lehorrak erabiltzen ditu. «Sendabelar batzuk ez dira lehortzeko egokiak, baina beste batzuk bai. Urte asko daramatzat sendabelarrak lehortzen. Batzuek 20 urte dituzte. Jendeak sendabelarrak ezagutzea, arriskutsuak diren landareak ezagutzea… nahi dut. Estramonioa, adibidez, behiek kaka egiten duten tokietan ateratzen da eta hilgarria da. Burundanga famatua egiteko erabiltzen duten osagaietako bat da».
Munduko zoriontsuena
Norbaitek gaiarekiko interesa azaltzen duenean, asko pozten da. «Ez dut nahi dakidan apur hori galtzea. Izan ere, sendabelarren inguruko jakintza galtzen ari da. Horregatik jartzen dut erakusketa nire postuan. Lana eta dirua kostatzen zait, baina ez zait inporta. Poza ematen dit. Norbaiten arazoa konpondu badezaket, norbaitek galderaren bat egiten badit… munduko zoriontsuena naiz».
Geroz eta azoka gehiagotara joaten da. «Mundu hau ezagutzera ematea da nire helburu nagusia, horregatik joaten naiz geroz eta azoka gehiagotara. Ez nuke nahi jakintza hau transmititu gabe joan mundu honetatik. Helburu berarekin ematen nituen ikastaroak. Sekretuak dituztela diotenek, direna baino gehiago direla uste dute. Nik nire sekretuak dibulgatu egiten ditut».

Goenaga, joan zen astean, Zaldibiako Ardiki Egunean.
