Joan zen igandean Miren Josune Begiristain Txata omendu zuten, Bihotza, herria, arnasa festan. Begiristainek gutun bat helarazi du, parte hartu zuten guztiei eskerrak emateko. Horra hor gutuna:
“Igandean jaso nuen maitasun uholdearen ostean, publikoki eskerrak eman gabe geratu ezin nintekeenaren sentimendua izan dut egun hauetan. Hori horrela, idatzi hau prestatu dut eskertza keinu baten adierazle:
Karpara iritsi eta jende guzti hori bertan ikusteak zirrara berezia eragin zidan barnean. Belaunaldi ezberdinetako pertsona, lagunak, adinekoak, gazteak, umeak… bertan ikustea ez sinistekoa izan zen niretzat, emozionalki gogorra bezain polita.
Porrotxen ekitaldia hasi bezain pronto, malkoak ezin eutsirik, aspaldidanik errotu genuen harremana oraindik ere bizirik mantentzen dela jabetu nintzen, urteroko patata tortillaz harago, berarentzat nor naizen eta zenbait maite dudan ezin hobe irudikatu baitzuen.
Ondoren, bazkarian bertan, alboetara begiratu, eta, familia, lagunak, auzotarrak, preso oihak eta senideak bertan egote hutsak sentimenduak areagotu zizkidan. Bazkaria amaitu, eta, kostata, baina, prestatua nuen eskertza idatzia berbalizatzeko kapaza izan nintzen. Ondoren etorri zen guztia azaltzeko, ordea, ez daukat hitzik. Bertsoak, kontzertuak, opariak, egindako argazkiak eta jasotako eskertza deskribatzeko ez dago hitzik hiztegian.
Hau guztiagatik, eta idatzitako paperean dena sartu ezin zitekeela kontuan hartuta, bereziki antolatzaileek egindako lana goraipatu nahiko nuke. Izan ere, omenaldiaz harago, komunitate sendo bat ikusi nuen, indartsua, eta bizirik. Orain urte asko hasitako bideak bizirik dirauela ikusi nuen, eta hori ikustea da eramaten dudan oparirik preziatuena.
Ez dadila haria eten,
Mila esker”.
