 
                                    Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara sailek, Argazki-hizkiak lehiaketa antolatu dute lehen aldiz, argazki zaletasuna eta hizkuntza uztartzeko asmoz. Parte hartzaileek argazki baten eta testu labur baten bidez Urretxuko eta Zumarragako udazkenaren izaera islatu behar dute.
Argazkia zein testua zeinahi estilotan aurkeztu ahal izango da. Testuak gehienez orri erdiko luzera izango du eta euskaraz idatzita egon beharko da. Hitzak izan litezke narrazio, poesia, bertso, hausnarketa edo beste edozein genero literario.
Lehiaketan Urretxun edo Zumarragan bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banaka edo taldean. Lanak fisikoki aurkeztu behar dira, gutunazal batean sartuta. Barruan beste gutunazal txikiago bat gehitu beharko da parte hartzailearen datuekin: izen-abizenak, telefono zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa eta herria. Lanak aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 21a izango da. Urretxuko Udaleko harreran edo Zumarragako kultur etxeko harreran aurkeztu beharko dira.
Lehiaketak hiru sari izango ditu: lehen saria, 150 eurokoa; bigarrena, 100 eurokoa; eta hirugarrena, 50 eurokoa. Sari guztiak Bi-Tartean merkatari elkarteko dendetan erabiltzeko erosketa-bonuetan emango dira.
Epaimahaia argazkigintzan eta literaturan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta baloratuko dira argazkiaren eta testuaren arteko elkarreragina, lanaren originaltasuna eta sormenaren kalitatea. Sariak azaroaren 29an banatuko dira, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egingo den Mintzodromoan.

 
					 
					 
 								
							
 
					 
                    