Goierri garaiko Movemberrek hainbat ekitaldi antolatu ditu gizonezkoen osasunaren inguruan hausnartzeko. Bereziki, prostatako minbiziaren, barrabiletako minbiziaren, osasun mentalaren eta suizidioaren prebentzioaren inguruan. Aurten, lehenengoz, Movemberrek mankomunitate mailan lan egin du eta lau herrietan ekintzak izango dira, Movember mugimendua Goierri garaian ezagutzera emateko.
Movember 2003an sortu zen Australian, prostatako minbizia zuen gizon baten lagunen eskutik. Pixkanaka mundu osoan zabaldu zen, gizonezkoen osasunaren inguruko hausnarketa sustatzeko. Izan ere, gizonezkoek eduki beharreko jarreraren inguruko estereotipoek gaitz hauei buruz hitz egitea galerazten dute. Goierri garaiko Movemberren helburua gizonezkoek beraien gaixotasun eta arazoez lasaitasun eta naturaltasunez hitz egitea da.
Hori dela eta, aurtengo ekitaldian aurkezpenean Goierri garaiko lau alkateek parte hartu dute: Ezkio-Itsasoko Joseba Telleriak, Legazpiko Eric Galvezek, Urretxuko Jon Luquik eta Zumarragako Mikel Serranok.
Lehen ekitaldia hilaren 19an izango da, 19:00etan, Legazpiko Bikuña jauregian: Jon Garcia Ormazabal psikiatra entzutetsuak suizidioaren prebentzioaz hitz egingo du. Bigarren hitzaldia abenduaren 2an izango da, 18:30ean, Zumarragako kultur etxean: Arkaitz Carracedo Derioko (Bizkaia) CIC BioGuneko ikerlariak hitz egingo du. Hilabete honetako ekintzetan jasoko den diru guztia CIC BioGuneri emango zaio, hain zuzen ere.
Diru bilketak Legazpi eta Zumarragako azoketan egingo dira. Bertan, merchandising produktuak salduko dituzte: oihalezko poltsak, motxilak eta boligrafoak. Gainera, argazki lehiaketa bat antolatu dute Ilintiren eta Garaguneren eskutik. Bibotearekin argazkia ateratzen dutenen artean opariak banatuko dituzte.
Pintxo-pote informatiboak ere antolatu dituzte: azaroaren 13an Legazpiko erdigunean, azaroaren 26an Legazpiko Hegialde auzoan eta azaroaren 7an Zumarragan. Horretaz gain, tabernetan itsulapikoak jarriko dituzte, dirua biltzeko.
Movemberreko kideek eta alkateek ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. “Australiar haiek bibotea utzi zuten beraien lagunari babesa adierazteko. Guk ekitaldietan parte hartzeko eta bibotea uzteko eskatu nahi dizuegu, gizonezkoen gaixotasunak ikusgai jartzeko. Eta Movemberren parte hartu nahi baduzue, gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzue. Ateak zabalik ditugu”.
Beraien lanaren garrantzia azpimarratzeko, zenbait datu eman zituzten. “Urtero 1.500 prostatako minbizi diagonistikatzen dira erkidegoan, gizonezkoen artean bigarren minbizia da. 15 eta 40 urte arteko gazteak dira barrabiletako minbizia izateko arrisku handiena dutenak. Mundu mailan, minutu oro gizonezko batek bere buruaz beste egiten du. Bere buruaz beste egiten duten lau pertsonetatik hiru gizonezkoak dira. Hori guztia dela eta, 50 urte betetakoan azterketa urologikoa egitea, barrabilak maiztasunez miatzea (anomaliaren bat antzemateko) eta norberaren arazoez eta sentimenduez beldurrik gabe hitz egiteko eskatu nahi diegu gizonezko guztiei”.
