Bakuntza aisialdi elkarteko lagunak. Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetzarako II. Planaren barne, aniztasun funtzionala mahai gainean jarri nahi du. Aniztasun funtzionala duten pertsonen eta haien ingurukoen errealitateari, eskubideei, gaitasunei, beharrei eta komunitatean jasaten duten diskriminazioari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi ditu. Horretarako, hiru ekintza antolatu ditu datozen hiru ostegunetarako: dokumental emanaldia, dantza saioa eta giza liburutegia.
Bihar Isiltasunetik mundura dokumentala emango dute. Goizean DBH3ko ikasleek ikusiko dute. 18:00etan, Zelai Arizti aretoan emango dute herritar guztientzat. Sarrera doan izango da. Emanaldiaren ondoren, protagonistekin solasaldia egingo dute. Arratsaldeko emanaldia Butak21 zineklubarekin elkarlanean antolatu dute.
Dokumentalak jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du. Kolorez, usainez, zaporez eta batez ere soinuz beteriko herrialde horretan, nola sentitzen diren azaltzen du.
Datorren asteko ostegunean, hilaren 13an, Bakuntza aisialdi elkartearekin dantza saioa egingo dute. Familiei zuzenduriko ekitaldi hori Gernikako Arbola plazan egingo dute, 17:00etan. Bakuntzaren helburua aisialdi egokitua eta hezitzailea eta osasuna sustatzea da. Aniztasun funtzionala duten haur, nerabe eta helduek parte hartzen dute eta herritar guztiei hilaren 13ko ekitaldian parte hartzera gonbidatu diete, aniztasun funtzionala dutenen eta ez dutenen arteko harremana eta inklusioa bultzatzeko.
Bukatzeko, hilaren 20an giza liburutegia egingo dute. 17:00etan izango da, liburutegian. Ekintza horretara gerturatzen direnek bertan egongo diren pertsona- liburuekin 15 minutuz solasean aritzeko aukera izango dute. Bertan entzungo dituzten istorio eta bizipen pertsonalen bitartez aniztasun funtzionala oinarri dituzten aurreiritziak gainditu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Ekintza honetako protagonistak aniztasun funtzionala duten pertsonak, haien familiak eta hezitzaileak izango dira.
