Agurtzane eta Joaquin Albisua anai-arreba urretxuarrek herrian abestuko dute igandean Donostiako Iesu abesbatzarekin
Agurtzane (beheko lerroan ezkerretik hirugarrena) eta Joaquin (goiko lerroan, eskuinetik lehenengoa), Iesu abesbatzako kideekin. Igandean Udazkeneko Musika Zikloko azken kontzertua izango da, 19:00etan Urretxuko San Martin de Tours elizan. Donostiako Iesu koruak abestuko du. Abesbatza horretan Agurtzane eta Joaquin Albisua anai-arreba urretxuarrek abesten dute.
Iesu abesbatza 2013an sortu zen, Donostiako Erribera auzoko Iesu parrokian. 2019ko irailaz geroztik Marina Lertxundi zarauztarra da zuzendaria. Errepertorio koral sakratu eta profano zabala dute. Urretxun Lesbordes, Bach, Gjeilo, Vivaldi, Mendelssohn, Faure, Chilcott, Lutkin, Whitacre, Sorozabal, Sibelius, Vangelis eta Lauridsen-en obrak abestuko dituzte; Ana Belen Garcia pianista andoaindarrak lagunduta. Garcia Donostiako Santa Maria elizako organista da eta joan zen astean Lyon-en (Frantzia) jo zuen.
Joaquin anai-arreba zaharrena da. Ingeniaritza ikasi zuen eta irakaslea izan da. Lizeoan eta Donostiako ingeniaritza eskolan lan egin zuen. Agurtzane, berriz, gazteena da. Secundino Esnaola musika eskolan lan egiten du, 16 urte zituenetik. Ilusio handia egiten die Urretxun abesteak. “Ilusio ikaragarria egiten digu. Urretxuko elizarekin lotura handia dut, gainera. Bertako organista izan nintzen eta gure osaba, Santiago Garmendia, bertako parrokoa izan zen. Bera izan zen musika ikasketak egitera animatu ninduena”, aipatu du Agurtzanek.
Albisuatar guztiak oso musika zaleak. “Osaba musika munduan oso sartuta zegoen. Berak sortu zuen Urretxuko parrokiako abesbatza eta tipleekin Parisera joan zen. Bestalde, gure amak oso ahots polita zuen. Iparragirreren omenezko kontzertu batean bakarlaria izan zen”.
