Minbiziaren aurkako I. martxak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, gaur goizean. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak deituta, ia 600 lagun elkartu dira Zelai Arizti parkean, eguraldi umelarekin baina minbiziari aurre egiteko aldarte positiboa erakusgarri zutela. Elkartearen gizarteratze ahaleginean, lehenbiziko ibilaldia izan da. Hortik harago, elkarteko bazkide bihurtzeko aukera ere zabaldu dute, eta ematen dituzten zerbitzuak jakinarazi dizkiete herritarrei, diru bilketa egitearekin batera.
Zumarragan eta Urretxun barrena, 3 kilometroko kale ibilaldia egin dute. Zelai Ariztitik Euskadi enparantzara jaitsi, eta Soraluze kaletik Areizaga-Kalebarren plazaraino; handik, Urretxuko aldapan gora, Abenida eta Iparragirre kaleetan jira egin, Labeaga osoa ibili, eta Mugitegiko errotondan atzera Zumarragara itzuli dira, Zelai Ariztiko karpan bukatzeko. Elkartearen elastiko berde argi-bizia eta lepoko zapia jantzita parte hartu dute askok.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak zazpi ordezkaritza dauzka herrialdean: Donostian, Irunen, Tolosan, Zarautzen, Eibarren, Azpeitian, eta Zumarragan, Iparragirre Hiribideko 1. zenbakian. Minbizia daukaten gaixoei eta haien sendiei arreta, prebentzioa eta aholkularitza eskaintzen dizkie elkarteak, baita ortopedia-materialaren alokairua eta mintegiak ere. Doako zerbitzuak dira erabiltzaileentzat, bazkide izan ala ez. Ikerketa bultzatzearen garrantzia ere azaldu dute gaur, eta minbiziari aurre egiteko prebentzio modura, ohitura eta bizimodu osasungarriak zer garrantzia daukan erę bai: gaurko ibilaldia, horren adibide.
