Larunbatean Euskal Timber txapelketako kanporaketa jokatu zen Astigarragan, ateak itxita. 23 kirolarik parte hartu zuten eta 16 onenak finalera sailkatu ziren. Xabier Zaldua eta Jon Zaldua aita-seme zumarragarrak finalera sailkatzea lortu zuten. Joanes Izagirre urretxuarrak, berriz, ez. Jesus Mari Lasa legorretarrak eta Haritz Goena lazkaotarrak ere parte hartu zuten. Lasa finalera sailkatu zen eta Goena ez. Xabier Zaldua hirugarren postuan sailkatu zen (Iker Vicente eta Julen Alberdiren atzetik), Lasa 13. postuan eta Jon Zaldua 14. postuan.
Finala abenduaren 20an jokatuko da, 18:00etan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Sarrerak euskatloia.com webgunean eskura daitezke. Helduek 27,50 euro ordaindu behar dute eta 7 eta 17 urte artekoek 17,50 euro. Kanporaketak jokatuko dira eta Zaldua aita-semeek indarrak neurtuko dituzte final zortzirenetan. Lasak Dani Vicenterekin neurtuko ditu indarrak.
Euskal Timber txapelketa munduan milioika jarraitzaile dituen Stihl Timbersports lehiaketaren Euskal Herri mailako txapelketa da.
Stihl Timbersports lehiaketa 1985. urtean jarri zuten martxan, Ameriketako Estatu Batuetan, Stihl motozerra enpresaren eta ESPN telebista katearen eskutik. 2000. urtean Europan antolatu zen lehenengoz. Egun, lau kontinentetan egiten da eta hogei bat herrialdetako 2.000 kirolari inguruk parte hartzen dute. Aizkorarekin, zerrarekin eta motozerrarekin hainbat ariketa azkar egiten dituzte.
