Urretxuko Bizikidetza Lantzeko Taldeak memoria partekatuaren eta bizikidetzaren aldeko jardunaldiak antolatu ditu
Bizikidetza Lantzeko Taldearen aurkezpen ekitaldiko argazkia. Urretxuko Bizikidetza Taldeak memoria partekatuaren eta bizikidetzaren aldeko jardunaldiak antolatu ditu. Memoria partekatu batetik. Bizikidetza saretzen jardunaldietako lehen ekitaldia ostegun honetan izango da, 19:00etan, Pagoeta gune soziokulturalean. Bi hitzaldi egingo dira: Zergatik deitzen diogu motibazio politikoak eragindako indarkeria? eta Emakumeak bakearen eta memoriaren eraikuntzan.
Lehenengoan Laura Pegok eta Roberto Morenok parte hartuko dute. Pego abokatua eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria da. Torturaren inguruko ikerketan ibilbide luzea du eta Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013) aurrera eramateko eratutako lantaldeko partaide da. Moreno, berriz, Arartekoaren justizia saileko koordinatzailea da. Bigarren hitzaldian, berriz, hiru emakumek beraien testigantzak emango dituzte. Bi solasaldiak Baketik fundazioko Aintzane Gamizek gidatuko ditu.
Hurrengo bi saioen izenburua Zinemaren begiradak da. Izenburuak dion bezala, zinemak indarkeriaren gaia nola landu duen aztertuko dute. Azaroaren 27an, 19:00etan Labeaga aretoan, Jon Sistiagaren ETA, el final del silencio dokumentala emango dute. Abenduaren 4an, ordu eta toki berean, Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala emango dute. Bigarren emanaldi honetan zuzendariak parte hartuko du eta berarekin solasaldia egingo dute.
Azken ekitaldia, Literaturaren ahotsak, abenduaren 11n izango da: 19:00etan, Pagoeta gune soziokulturalean. Iban Zaldua (Nola izan garen gauza liburuaren egilea) eta Laura Mintegi (Legez kanpo) idazleek parte hartu dute. Mikel Babianok solasaldia gidatuko du, Amaia Aranburuk irakurketa dramatizatua egingo du eta musika eskolako ikasleek ere parte hartuko dute.
