Gaixotasun degeneratiboa duen Marta Andreuk gurpildun aulkia lortu du eta gutuna idatzi du lagundu dioten guztiei eskerrak emateko
Marta Andreu urretxuarrak siringomielia izeneko gaitz degeneratiboa du eta dagoeneko ezin zuen bere gurpildun aulkia erabili. Gurpildun aulkia erabili eta autonomoa izaten jarraitzeko, buruarekin erabiltzen den bat behar zuen eta bere lagunek diru bilketa abian jarri zuten. Dirua lortu zuten eta Andreu gurpildun aulkia erabiltzen ari da dagoeneko. Gutun bat idatzi du, lagundu dioten guztiei eskerrak emateko.
“Emozioz eta esker onez gainezka zuzentzen natzaizue. Eskerrik asko zuen adeitasun eta eskuzabaltasunagatik. Denon artean ezinezkoa zirudien helburua lortu dugu: diadema bidez erabiltzen den gurpildun aulki berria. Ez dago hitzik horrek niretzako zer suposatzen duen azaltzeko. Aulki hau ez da objektu hutsa, bizimodu aldaketa sinestezina suposatzen du, aulkia kontrolatzeko sistema honi esker aspaldi galdu nuen independentzia baitut. Aske sentiarazi nauzue. Zuen laguntzari esker, mugitu egin naiteke eta inguratzen nauen munduan parte hartu. Donazio guztiak, handiak zein txikiak, oso garrantzitsuak izan dira. Ezagutzen ez nauzuen askok, hunkitu egin nauzue eta ez nagoela bakarrik sentiarazi nauzue. Eskerrak eman nahi dizkizuet denei: nire kuadrillari diru bilketa martxan jartzeagatik; nire familiari; lagunei; beraien senitartekoei; arte ederren eskolako lagunei; Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Bergarako elkarteetako kideei; Zumarragako ospitaleko langileei; nire herriko, Urretxu-Zumarragako, jende guztiari. Eskerrik asko zuen bihotzeko zati txiki bat jarri eta dena eman duzuenei. Baita Aneri ere, egoitzako terapeuta okupazionalari, asko lagundu baitit. Eta egunkariei, nire gaixotasunaren eta nire autonomia beharraren berri emateagatik. Esker oneko izango naiz beti, eskaini didazuen ontasunagatik. Maitasunez, Marta”.

