Eitzagako Itxura ile-apaindegian aro berri bati ekin diote: Africa Cuestak erretiroa hartu du eta orain arte bere bazkidea izan den Nagore Prietok hartu du negozioaren ardura. Azken bi asteetan ile-apaindegia itxita egon da berrikuntzak egiteko eta asteartean ireki zuten berriro. Larunbatean, 13:00etatik aurrera, berriz irekitze festa egingo dute.
Itxura ile-apaindegia duela 30 urte ireki zen. Sonia Lopezek estetika zentroa ireki zuen, baina lokala handiegia zenez, Cuestari berarekin aritzea eskaini zion. Prietori dagokionez, Tolosan ikasi zuen ofizioa. Praktikak Itxuran egin zituen eta ondoren bi urte eman zituen Zamoran (Espainia). Cuestak Itxuran lan egitea eskaini zion eta itzuli egin zen. Azken urteetan bazkideak izan dira. “Africari erretiroa hartzeko ordua heldu zaio eta nik jarraitzea erabaki dut. Hiru lankide gara. Beldur pixka bat ematen du, baina oso bezero fidelak ditugu eta horrek ardura hartzera animatu nau”.
Lokalean obra egin du, jubilatuen eguna ezarri du eta ilerako spa zerbitzua eskainiko du. “Asteazkenetan jubilatuek prezio berezia izango dute. Eitzagan adineko jende asko bizi da eta horrela ez dute herrigunera jaitsi beharra izango”.
