Street Scape bat egingo dute Bi-Tartean merkatari elkarteko 10 dendetan
Euskararen Egunean, abenduaren 3an, kaleak ez ezik, saltokiak ere euskaraz beteko dituzte. Horretarako, LHko 5. mailatik DBHko 2. mailara arteko gaztetxoak eta merkatariak harremanetan jarriko dituzte Street Scape baten bidez. 17:00etatik 18:00etara bitartean gaztetxoek hainbat proba egin beharko dituzte herriko dendetan. Bi-Tartean merkatari elkarteak 50 euroko sei bonu zozkatuko ditu probak zuzen egiten dituztenen artean. Zozketa Zumarragako plazan izango da, 18:05ean.
Ostiralean zabalduko da izena emateko epea eta abenduaren 1era arte izango da zabalik. Udaletako webguneetan eta sare sozialetan zabalduko dira izena emateko orriak. Labur.eus/streetuz helbidean ere eman daiteke. Ekitaldi horren helburua merkatarien eta gaztetxoen arteko harremana euskaraz izatea eta gaztetxoek herrian duten eskaintza zabala ezagutzea da. Izan ere, komunitatea euskaraz saretzeko ardatz garrantzitsua dira merkatariak.
Euskararen Eguneko beste ekitaldia, Euskararen Kriseilua ekimenaren amaiera ospakizuna, 18:00etan izango da Labeaga aretoan. LH1eko haurrek azken asteetan euren etxeetan izan dituzte kriseiluak, etxean euskararen erabilera indartzeko. Abenduaren 3ko ekitaldian haurrek diploma jasoko dute. Horretaz gain, ipuin kontaketa saioa izango da. Ordu berean, Zumarragako plazan, Zintzo Mintzok sare sozialetan egin duen kanpainaren bukaera ekitaldia egingo du bakarrizketa, musika eta mokadu artean.
Lehenago, hilaren 29an, Mintzodromoa egingo da. Aurten Zelai Arizti kultur etxean izango da, 11:00etan. Ondoren, Argazki-Hizkiak lehiaketako sariak banatuko dira, Antxiñe Mendizabalek Katona liburuko pasarte bat irakurriko du eta Olaiak eta Amaiurrek musika emanaldia egingo dute.
