Ainhoa Unanue urretxuarrak Alaskara egindako bidaiaren berri emango du
Ainhoa Unanue eta Bennett Pearce, Alaskan Igandean Ostadar Mendi Astearen 42. edizioa hasiko da, Anjel Etxeberriaren omenezko 37. haur ibilaldiarekin. Astelehenetik ostegunera, berriz, emanaldiak egingo dituzte. Ostiralean batzar nagusia egingo dute eta igandean mendi ibilaldia.
Urteroko moduan, Ostadar Mendi Astea Anjel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin hasiko da. Parte hartzaileak 08:30ean abiatuko dira, Zumarragako Euskadi plazatik. Anjel Etxeberria (Zumarraga, 1945) Oargui-Izaspi taldeko kidea izan zen eta herriko hainbat ekimenetan parte hartu zuen. 1980ko abuztuaren 11n hil zen, Pirinioetako Ipar Besiberri tontorretik jaisten ari zenean izan zuen istripuaren ondorioz.
Etxeberriak haurrentzako mendi ibilaldiak antolatzen lagundu zuen. Hori dela eta, Oargui-Izaspiren lekukoa hartu zuen Ostadar mendi taldeak bere omenezko haur ibilaldia antolatzeari ekin zion 1988an. Aurtengo haur ibilaldia igandean izango da eta astelehenetik aurrera, berriz, lau emanaldi egingo dituzte. Urteroko moduan, lehen emanaldia Juan Mari Gabilondo Ostadar mendi taldeko kideak eskainiko du. Betiko moduan, Euskal Herriko mendietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu. Emanaldia Urretxuko kultur etxeko areto nagusian izango da, 19:30ean.
Geologia
Asteartean, Koenraad Van den Driessche geologoak Gipuzkoako historia geologikoari buruzko emanaldia egingo du. Ekitaldia gazteleraz izango da (La historia geologica de Gipuzkoa, 330 millones de años bajo tus botas de montaña). Ekitaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 19:30ean.
Van den Driessche-ren helburua zapaltzen duguna ulertzea da, ozeano eta sumendietatik jaiotako paisaiak ezagutzea. Horretarako, 330 milioi urteko ibilbide bisuala egingo du bost menditan zehar: Aiako Harrietako granitoa (Gipuzkoako txoko zaharrena), Aralarko paisaia karstikoa, itsaspeko sumendien ondorio diren Karakate eta Irimo, Deba eta Zumaia arteko flyscha eta Mandubitik Murumendiraino paseo aberasgarria.
Asteazkenean Ainhoa Unanue urretxuarrak Mendien bidea Alaskan: pedalez elurretaraino emanaldia egingo du. Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 19:30ean.
Unanue eta bere lagun Bennett Pearce Alaskara joan ziren apirilean, Xabier Ormazabal bekaren eskutik. Proiektuak bi zati zituen: Eklutna Traverse eski zeharkaldia eta beharrezko material guztiarekin bizikletaz kostaldeko Valdez herritik Anchorage hirira joatea. Lehen zatia ezin izan zuten egin, elurraren baldintzak ez baitziren behar bezain onak.
Azken emanaldia ostegunean (hilak 27) izango da. Mikel Txintxurretak eta Imanol Murok Sehaskatik mendiko esploraziora lana eskainiko dute, 19:30ean, Zelai Arizti aretoan. Txintxurretak eta Murok Kirgizistanen eskalada egin dute, 2025eko Takolo bekaren eskutik.
Biak donostiarrak dira. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte elkarrekin ikasi zuten, kuadrilla berekoak dira eta beti elkarrekin eskalatu dute. Sokakideak dira. Pirinioetan, Alpeetan, Bolivian eta Perun eskalatu dute, besteak beste. Aurtengo udan Kirgizistaneko Dzhangart mendilerrora joan dira, Txinarekin mugan. Bertan, zapaldu gabeko tontor eta eskalatu gabeko pareta asko daude. Izan ere, lehen espedizioa 2008an egin zen eta ordutik 10-12 bakarrik egin dira.
Txintxurreta eta Muro oso informazio gutxirekin joan dira. Beraiek heldu arte inork zapaldu gabeko hiru tontorretara igo dira eta beste mendi batean bide berri bat ireki dute.
Batzarra eta ibilaldia
Ostiralean (hilak 28), 19:00etan, Ostadar mendi taldeko kideek batzar nagusia egingo dute Zelai Arizti kultur etxean. Bukatzeko, igandean (hilak 30) mendi irteera egingo dute. Autobusa 07:30ean abiatuko da Elizkaletik eta Arantzazura eramango ditu. Kontrabandisten Bidea egingo dute. Ondoren, Arantzazuko hoteleko jatetxean bazkalduko dute. Parte hartu nahi dutenek, ostadar@ostadar.org helbidera idatzi behar dute izena emateko.
