Sarrerak abenduaren 15etik aurrera banatuko dituzte
Antxiñako Ama txistulari taldeak aurtengo Gabonetako kontzertuaren berri eman du. Abenduaren 20an izango da, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Aurtengo kontzertuaren izenburua Doinuak piztu da eta “musikak gure barneko argia, emozioak eta loturak pizteko duen indarra” adierazten du. Sarrerak Zumarragako kultur etxean banatuko dituzte (doan), abenduak 15ean eta 16an 19:00etatik 20:00etara eta abenduaren 17an eta 18an 09:30etik 13:30etara eta 15:00etatik 21:00etara. Kontzertuaren aurretik ere banatuko dira, Beloki pilotalekuan bertan, 18:30etik 19:30era. Pertsona bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.
Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek herritarrak kontzertura gonbidatu dituzte. “Aurtengo kontzertuak kulturaren eta tradizioaren bihotzera garamatza: txistuaren doinuek mendeetan zehar gure jaiak eta une garrantzitsuak alaitu dituzte, eta gaur egun ere gure komunitatearen identitatea eta nortasuna elikatzen jarraitzen dute. Doinuak Piztu leloak , musikak gure barneko argia, emozioak eta loturak pizteko duen indarra adierazten du. Ikuskizunak musika, dantza, ahots bakarlariak eta bestelako instrumentuak uztartuko ditu, esperientzia musikal eta emozional berezia eskainiz. Herritar guztiei luzatzen diegu gonbidapena: melodien bidez mugarik gabeko bidaia egin dezaten eta gure kulturaren bizi-indarra partekatu dezaten. Gure nahia da herritar guztiak ekitaldian batzea, musika ospatzea eta gure kulturaren bizitasuna elkarrekin mantentzea. Zatozte, parte hartu, eta elkarrekin piztu ditzagun gure doinuak eta gure komunitatearen energia!”.
