Muhammad Umair-ek (Gudjerat, Pakistan, 1989) 15 urte daramatza Urretxun. Oso ondo egokitu da eta oso ezaguna da herritarren artean. Ostalaritzan eta fabrika batean lan egiten du.
Noiz etorri zinen Europara?
2009. urtearen amaieran. Hasieran, Italian bizi izan nintzen. 2010ean Euskal Herrira etorri nintzen. Italian dezente sufritu nuen. Etxebizitza sarritan aldatu beharra nuen, alokairua eta janaria ordaintzeko familiari dirua eskatu beharra nion… Euskal Herrian senitartekoak zituen ezagun batek hona etortzea gomendatu zidan, bere senitartekoek tabernak eta kebab jatetxeak baitzituzten bertan.
Zer moduz bertan?
Beraientzat lan egin nuen, jatekoaren eta lo egiteko tokiaren truke. Ondoren, diru pixka bat ordaintzen hasi ziren. Lau urte pasatu ziren eta, ez zidatenez merezi nuena ordaintzen, alde egin nuen. Berriro kalean nengoen: lanik gabe, agiririk gabe, lo egiteko tokirik gabe… Ala-ri laguntza eskatu nion.
Aurrera ateratzea lortu zenuen.
Ikasi dudan guztiari esker atera naiz aurrera. Denetik egin dut: kebab-etan lan egin dut, ikasi egin dut, zaintzailea izan naiz, lokutorio batean lan egin dut, baita fruta denda batean ere, garbikuntzan, enpresetan, tabernetan, mekanizatu ikastaro bat egin nuen, euskaltegira joan naiz… Pozik nago, dagoeneko agiriak behar bezala baititut. Ez dut sekula amore eman. Asko lan egin dut eta asko lan egiten jarraitzen dut. Ez dut uste hobeto doakidalako alperra bilakatuko naizenik.
Zergatik etorri zinen Europara?
Nire aitak enpresa bat zuen Pakistanen. Bolada txar bat izan zuen eta zorrak pilatu zituen. Pakistandik ateratzea erabaki zuen, zor zuen dirua itzultzeko lan bila. Baina ez zuen bisa lortu. Gure lagun batek Pakistandik atera behar zena ni nintzela esan zidan. Aitak dagoeneko ezin zuela horrelakorik egin. Egia esan, aitak asko sufritu zuen gertatu zitzaionaren ondorioz eta bi urtetan asko zahartu zen. Nik beste asmo batzuk nituen, baina bisa lortu nuen eta nire herrialdetik atera nintzen.
Gogorra izango zen.
Nahiko sufritu nuen, gurasoengandik aldentzen nintzen lehen aldia baitzen. Italian ez nuen inor ezagutzen eta inork ez ninduen lagundu. Hemen ere nahiko sufritu nuen hasieran, baina sufritutako eta ikasitako guztiak zerbaitetarako balio izatea espero dut. Enpresa batean lan egiten ari naiz eta mugagabeko kontratua egitea espero dut. Balio dudana erakutsi diedala uste dut. Ikasteko eta lan egiteko gogoa dut. 16 urte pasatu dira Pakistandik atera nintzenetik eta egonkortzeko ordua da. Boliviako lagun batek seme-alaben falta sumatzen zuela esan zidan. Nik, azken 16 urteetan, sei hilabete bakarrik eman ditut nire amarekin.
Bizitza erdia daramazu Euskal Herrian.
Euskal herritarra sentitzen naiz dagoeneko, ez dut uste Pakistanera itzuliko naizenik.
Euskal Herrian ere familia duzu.
Jon Maroto zaindu nuen eta bere familia nire familia da. Beraiei esker lortu nituen agiriak. Helduen eskolako Arantxari ere asko zor diot, berak irakatsi baitit gazteleraz hitz egiten eta idazten.
Hemengo bizimodu eta ohituretara egokitzen saiatu zara.
Ez da erraza izan. Duela urte batzuk, tabernetara joaten nintzen eta jendearekin hitz egiten saiatzen nintzen, baina batzuek bizkarra ematen zidaten. Ez da ezer gertatzen, egunen batean elkar ezagutuko dugu, esaten nion nire buruari. Gaur egun, ia mundu guztiak ezagutzen nau eta oso zoriontsua naiz Urretxu eta Zumarragan. Hemengoa sentitzen naiz eta errespetatu egiten naute. Denen laguna naiz: bertan jaiotakoena, kanpotik etorritakoena… Ez dut inoiz inorekin arazorik izan. Denek errespetatzen naute eta denak errespetatzen ditut. Denok berdinak gara. Inor ez da inor baino hobea. Tabernetan, bezeroek eskatzen didaten musika jartzen dut. Denengandik ikastea gustatzen zait. Kultura guztiek dituzte gauza onak eta pertsona guztiengandik ikasi daiteke zerbait.
Kriketa asko gustatzen zaizu.
Pakistanen, Indian, Bangladeshen… kriketa hemen futbola bezain garrantzitsua da. Pakistandik etortzen zen jendea ez zela etxetik ateratzen ikusi nuen eta beraiekin harremanetan jarri nintzen aholkatzeko. Ikasi beharra zutela esan nien. Batzuk euskaltegira joatea lortu nuen, beraiekin kriketean jokatzen hasi nintzen… Egun, kriket taldea dugu.
Bertako haurrei kriketean jokatzen irakatsi zenien.
Umea zenean kriketean jokatzen irakatsi nion haur batekin lan egitea tokatu zait! Urteak oso azkar pasatu dira.
