Gaur eguerdian San Martin eguneko festan zozkatutako urdaiazpikoa banatu dute. Jordi Mancerak eta Antonia Caballerok irabazi dute. Bi urdaiazpiko zozkatu zituzten, baina beste zenbakiaren eroslea ez da azaldu. Bestalde, zozketako txartelen salmentan lortutako dirua Gernika-Palestina elkarteari eman diote. 1.517 euro lortu zituzten.
Gaurko ekitaldian San Martin auzoko bizilagunek, Jon Luqui alkateak eta Mancerak parte hartu dute. Luquik San Martin auzoak izaera “berezia” duela esan du. “San Martin egunekoa ekitaldi emankorra eta polita da. Adin guztietako jendea elkartzen da eta komunitatea egiten du”.
Marian Ruiz San Martin auzoko bizilagunak eskerrak eman dizkie festan parte hartu zuten guztiei. Baita urtero laguntza ematen dieten Navarro, Goiko Kale eta Ezkurra tabernei ere. Salaketa bat ere egin du. “Txerria festako protagonistetako bat da, baina aurten ezin izan dugu eraman debekua dela eta. Hori dela eta, kartoizko txerri bat jarri genuen. Norbaitek eraman egin zuen. Itzultzen badu, gustura hartuko dugu”.
Bukatzeko, Mancerak eskerrak eman dizkie antolatzaileei. “Oso festa polita da eta urtero joaten gara”.
