Egoera honek erakundea "normaltasunez funtzionatzen" ez uztea dakarrela dio, "ezta eskualdearentzat funtsezkoak diren hainbat gai aurrera eramatea ere".
Goierri garaiko EH Bilduko udal ordezkariek salatu dute Urola Garaiko Mankomunitatean blokeo instituzionala dagoela, “EAJ eta PSEren arteko desadostasunengatik”. Iazko ekainean Urretxuko eta Zumarragako EAJ-PNV eta PSEk herrietan lortu zuten akordioa ekarri dute gogora, akordio hura “Mankomunitatera hedatzen zela adierazi zuten arren, gaur gaurkoz ez dugu adostu zuten legegintzaldi planaren berririk”, eta “are gehiago, joan den ekainaz geroztik, Urola Garaiko Mankomunitatea blokeo instituzional larrian dago”. Egoera honek erakundea “normaltasunez funtzionatzen” ez duela uzten salatu dute, “ezta eskualdearentzat funtsezkoak diren hainbat gai aurrera eramaten ere”.
Mankomunitateko batzorde eragileren bilerarik egin ez dela ia sei hilabete igaro direla ere azaldu dute, “eta horrek erabaki garrantzitsuak hartzea eragotzi du”. Horren ondorioz, “geldirik jarraitzen dute hainbat proiektu estrategikok”, hala nola, Mankomunitateko estatutuen berrikuspena, “egungo beharretara egokitzeko ezinbesteko prozesua”, eta Eskualdeko Lehiakortasun Estrategiaren eguneraketa, “Urola Garaiko garapen sozial eta ekonomikoa bideratzeko tresna nagusietako bat”.
Aurtengo aurrekontuak
Aurrekontuak ere aipatu dituzte: “Urtea bukatzear dago, eta ez daukagu informaziorik 2025eko aurrekontuaren betetze mailari buruz, ezta ere bestelako proiektuen garapenari buruz ere”. Aurrekontu horiei EH Bilduk euskararen eta enpresa garapenaren arloetan egin zizkion ekarpenak ere gogoratu dituzte.
Euskararen arloan, eskualdeko enpresetan euskararen diagnostiko labur bat eta euskara planak martxan jartzeko sustapen lanak egitea adostu zutela azaldu dute, eta horrekin batera, euskara ardatz izango duen egitasmo komunikatibo multimedia bat martxan jartzeko lehenengo urratsak ematea. “Orandik abiatu ez diren proiektuak” dira.
Bestetik, UG Zaintza Lab proiektua ere aipatu dute, “enpresa proiektu erreal eta bideragarria bihurtzeko lanak egitea”, hain zuzen . Gipuzkoako Aldundiak proiektu honi jarraipena emateko diru laguntza lerro bat agindu zuela gogoratu dute, “eta oraindik ez da argitaratu deialdirik”, eta gaineratu dute Mankomunitateko lehendakaritzak arlo honetan ez duela “apustu estrategiko bat” egiteko asmorik. “Ondorioz, 2024an emaitza positiboak izan zituen proiektu bat eten egin da, eta eskualdea arlo soziosanitarioan garatzeko aukera galdu dugu”.
Barne desadostasunaren errua
Blokeo egoera hau guztia “EAJ eta PSEren barne desadostasunengatik” gertatzen ari dela diote, “eta horrek eragotzi egiten du Mankomunitateak bere eginkizunak betetzea eta eskualdearen etorkizunerako giltzarriak diren proiektuak bultzatzea”.
EH Bilduren ustez, “legegintzaldiaren azken txanpa honetan, ezinbestekoa da berehala normaltasun instituzionala berreskuratzea, erabaki organoak aktibatzea eta gardentasuna, parte hartzea eta gure eskualdeak behar dituen proiektu estrategikoak lehenbailehen martxan jartzea bermatzea”.
“EH Bilduk duen arduragatik, eskualdeko lehen indarra izanik, lanean jarraituko dugu egoera hau gainditzeko eta behar diren erantzukizunak hartzeko”.
