Zumarragako azokak erabilera anitz ditu, batez ere neguan. Estalia denez, eta egun itxia ere bai, hainbat ekitalditarako eta paseatzeko balio du. Goierri kirol elkarteko txirrindulari eskolakoek erabilera berria aurkitu diote: belodromo gisa erabiltzen ari dira. Udazken amaiera eta negua ez dira garai onak txirrindularientzat, euria eta hotza egiten baitu. Gainera, eguna oso motza da. Hori dela eta, txirrindulari eskolako haurrak Zumarragako azokan entrenatzen ari dira. Oso toki egokia da, itxia eta lehorra izateaz gain, oso ondo argituta baitago. Gainera, erdiko zutabeak direla eta, zirkuitu itxura du. Txirrindulariek ezin dute abiadura handia hartu, baina oreka eta abilezia garatzeko toki bikaina da.

