Zintzo-Mintzok hainbat ekitaldi egingo ditu Zumarragako plazan
Bihar (asteazkena) Euskararen Eguna ospatuko da. Urretxun eta Zumarragan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
LHko 5. mailatik DBHko 2. mailara arteko gaztetxoek bi herrietako dendetan egingo den street scape batean parte hartuko dute. 17:00etan hasiko da, Bi-Tartean merkatari elkartearen bulegoan (Urretxuko Labeaga kalean, etxe laranjetan). Bi-Tartean merkatari elkarteak 50 euroko sei bonu zozkatuko ditu probak zuzen egiten dituztenen artean. Zozketa Zumarragako plazan izango da, 18:05ean. Ekitaldi horren helburua merkatarien eta gaztetxoen arteko harremana euskaraz izatea eta gaztetxoek herrian duten eskaintza zabala ezagutzea da. Izan ere, komunitatea euskaraz saretzeko ardatz garrantzitsua dira merkatariak.
Horretaz gain, Euskararen Kriseilua ekimenaren amaiera ospakizuna egingo da: 18:00etan izango da, Labeaga aretoan. LH1eko haurrek azken asteetan euren etxeetan izan dituzte kriseiluak, etxean euskararen erabilera indartzeko. Biharko ekitaldian haurrek diploma jasoko dute ipuin kontaketa saioa izango da.
Zintzo Mintzo elkarteak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu. 18:30ean izango dira, Zumarragako plazan. Zapiaren dinamikaren amaiera ekitaldia egingo du, Gorka Erostarbek errezitaldia egingo du, mokadutxoa egingo dute, murala margotuko dute eta Olaia eta Amaiurrekin abestuko dute.
