Lehen pausoak Goierri txirrindulari eskolan eman zituzten lau gazte profesional mailan arituko dira: Xabier Isasa, Nicolas Alustiza eta Gari Ugarte Euskaltel-Euskadirekin eta Alex Diaz Caja Ruralekin.
Alex Diaz eta Xabier Isasa, ezkerretik lehenak, taldekideekin. Goierri kirol elkartearen txirrindulari eskola lan bikaina egiten ari da. Datorren denboraldian, lehen pausoak Goierrin eman zituzten lau txirrindulari profesional mailan arituko dira: Xabier Isasa urretxuarra, Nicolas Alustiza zumarragarra eta Gari Ugarte legazpiarra Euskaltel-Euskadi taldearekin eta Alex Diaz urretxuarra Caja Rural taldearekin.
Guztien artean beteranoena Isasa da. Bosgarren denboraldia egingo du Euskaltel-Euskadin. «Goierrin emandako urteen oso oroitzapen ona dut, lagunekin korritzen bainuen. Txirrindularitzaz gozatzen genuen. 7-8 lagun ginen taldean. Oso lagunak ginen. Oraindik plan asko egiten ditugu elkarrekin», azaldu du urretxuarrak.
Garai hartan Aitor Salaberria eta Aitor Chico ziren klubeko arduradunak eta oso eskertua ageri zaie. «Chico konfiantzako pertsona dut oraindik ere. Bere semearen oso laguna naiz».
Lehen garaipena kadete mailako lehen urtean lortu zuen, Zestoan. Ilusio gehien egin ziona, berriz, Iruñerriko Itzulia izan zen. «Itzulia zen, hotel batean egon ginen… taldeko guztioi ilusio handia egin zigun», gogoratu du Isasak.
Alustizak, berriz, hirugarren denboraldia egingo du profesional mailan. «12-13 urterekin hasi nintzen, kimu mailan. Industrialdeetan korritzen genuela gogoratzen dut».
Berak ere kadete mailan lortu zuen lehen garaipena, Undion (Nafarroa). «Ilusio gehien egin zidana, berriz, Beasainen munduko txapelketaren aurretik antolatzen duten gazte mailako proba da».
Oso oroitzapen onak ditu. «Oso esperientzia politak bizi genituen. Lagunartean aritzen ginen. Ibai Chico, Iker Blanco… urte guztiak elkarrekin egin genituen».
Berak ere eskerrak eman nahi dizkie Salaberria eta Chicori. «Lau txirrindulari profesional mailara heldu bagara, beraiei esker da. Horren atzean lan asko dago. Ilusio handia egiten dit Gari ere profesional mailara igotzeak».
Alex Diaz
Diazek bigarren denboraldia egingo du profesional mailan. Berak ere Goierrin eman zituen lehen pausoak. «8 urte eman nituen Goierrin. Asko gozatu nuen. Talde ona genuen eta beste gauza batzuk egiteko ere gelditzen ginen. Lagun asko egin nituen eta oso oroitzapen onak ditut».
Diazek ez zuen garaipenik lortu txirrindulari eskolako garaian, baina bertan ikasitako guztiak profesional mailara iristeko balio izan dio. «Aitor Salaberriak eta Aitor Chicok eskertzeko moduko lana egiten zuten. Beraien denbora libre guztia eskolari eskaintzen zioten».
Gari Ugartek ere txirrindulari eskolan emandako urteen oroitzapen bikaina du. «Kiroletan ez nintzen oso ona eta txirrindularitzan, berriz, lehen lasterketan bigarren egin nuen. Oñatin izan zen. Bigarren lasterketa irabazi egin nuen. Aretxabaletan izan zen. Legazpikoa ere irabazi nuen eta hori izan zen ilusio gehien egin zidana. Oso ondo pasatzen genuen. Barre gehien egiten genuen taldea ginen. Txirrindularitza gozatzera eta ikastera enfokatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Pauso guztiak lasaitasunez eman ditugu. Oier Urkiola, Julen Ballina eta Haritz Chicorekin eman ditut urte gehien», azaldu du legazpiarrak.
Katea ez da eten. Iaz Juan Agirrek eta Aitor Baztarrikak hartu zuten lekukoa. Txirrindulariek hainbat garaipen lortu zituzten eta dagoeneko hurrengo denboraldia prestatzen ari dira.
Izen-ematea
Txirrindularitza gustuko duten urretxuar eta zumarragar guztiak izena ematera animatu dituzte. Sei maila daude: benjaminak (2016an eta 2017an jaioak), kimuak (2014an eta 2015ean jaioak), haurrak (2012an eta 2013an jaioak), kadeteak (2010ean eta 2011n jaioak), gazteak (2008 eta 2009an jaioak) eta zikloturistak (2011n eta aurretik jaioak). Izena emateko goierribizikletaeskola@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali daiteke, 639 455 392 edo 620 175 904 telefono zenbakietara Whatsapp mezua bidali, Zatika dendara jo (Zumarragako Bidezar kaleko 2an eta Etxeberri auzoan) edo Zerki dendara joan (Urretxuko Ipeñarrieta kaleko 7an).

Alex Diaz, eskuinetik lehena, hiru taldekideekin.

Xabier Isasa eta Alex Diaz (erdiko biak).

Gari Ugarte, ezkerretik lehena, Beasainen.

Gari Ugarte, umetan.

Gari Ugarte, umetan.

Gari Ugarte, umetan.

Nicolas Alustiza, atzeko ilaran eskuinetik lehena, klubeko gainontzeko txirrindulariekin.

Nicolas Alustiza, eskuinetik lehena, taldekideekin.

Nicolas Alustiza, beheko ilaran erdikoa, taldekideekin.
