Astelehenean hasiko dira banatzen Antxiñako Ama txistulari taldearen Gabonetako kontzertuko sarrerak
Antxiñako Ama txistulari taldeak Gabonetako kontzertua egingo du abenduaren 20an, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Aurtengo kontzertuaren izenburua Doinuak piztu da eta “musikak gure barneko argia, emozioak eta loturak pizteko duen indarra” adierazten du. Sarrerak Zumarragako kultur etxean banatuko dituzte (doan), astelehenean eta asteartean 19:00etatik 20:00etara eta asteazkenean eta ostegunean 09:30etik 13:30etara eta 15:00etatik 21:00etara. Kontzertuaren aurretik ere banatuko dira, Beloki pilotalekuan bertan, 18:30etik 19:30era. Pertsona bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.
Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek herritarrak kontzertura gonbidatu dituzte. “Aurtengo kontzertuak kulturaren eta tradizioaren bihotzera garamatza: txistuaren doinuek mendeetan zehar gure jaiak eta une garrantzitsuak alaitu dituzte, eta gaur egun ere gure komunitatearen identitatea eta nortasuna elikatzen jarraitzen dute. Doinuak Piztu leloak , musikak gure barneko argia, emozioak eta loturak pizteko duen indarra adierazten du. Ikuskizunak musika, dantza, ahots bakarlariak eta bestelako instrumentuak uztartuko ditu, esperientzia musikal eta emozional berezia eskainiz. Herritar guztiei luzatzen diegu gonbidapena: melodien bidez mugarik gabeko bidaia egin dezaten eta gure kulturaren bizi-indarra partekatu dezaten. Gure nahia da herritar guztiak ekitaldian batzea, musika ospatzea eta gure kulturaren bizitasuna elkarrekin mantentzea. Zatozte, parte hartu, eta elkarrekin piztu ditzagun gure doinuak eta gure komunitatearen energia!”.
