Abenduaren 9an ospatutako herri batzarrean, Zumarragako EH Bilduko kideek aho batez onartu zuten Aimar Alberdik Josu Aztiriaren lekukoa hartzea udaletxean. Alberdik Aztiria ordezkatuko du zinegotzi karguan. Horra hor Zumarragako EH Bilduk igorritako oharra.
“Dagoeneko ia urte eta erdi pasa da Zumarragako zinegotzia den Josu Aztiria Gasteizko Legebiltzarrerako hautatua izan zenetik. Denbora ez da luzea izan, baina argi geratu da Aztiria egiten ari den ekarpena: bereziki euskararen eta zientzia eta teknologiaren arloan nabarmendu da, eta EH Bilduren taldean erreferentziazko parlamentari bihurtu da. Besteak beste, bere ardura izan da Enplegu Publikoaren legearen aldaketarako proposamena lantzea, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean babes juridiko egokia eraikitzeko. Era berean, EH Bilduko Euskararen Normalizaziorako idazkaria izendatua izan da tarte labur honetan. Egiten ari den lan eskerga dela eta, udal taldean jarraitzen duen arren, gero eta zailagoa egiten zaio batzordeen eta udal batzarren jarduna legebiltzarreko eta EH Bilduko ardurekin uztartzea. Horregatik, bere zinegotzi kargua Aimar Alberdiri pasatzea egokiena dela erabaki dugu. Aimar Alberdi izan da EH Bilduko kideon lehen aukera. Bere konpromisoak eta lanerako gogoa gure bidean jarraitzeko indar berriak emango dizkigu eta aktiboki parte hartu du EH Bilduren herri-dinamikan azken bi urteetan. Aimar zumarragarra da, eta lehen sektorearen beharrizanak, udalaren mantentze-lanak eta auzoen egoera bikain eta lehen eskutik ezagutzen ditu. Aktiboki parte hartu du elikadura burujabetzaren aldeko herri-dinamiketan eta eskualdearen garapen bidea oso ongi ezagutzen ditu. Aimar Alberdiren etorrerak EH Bilduren lantalde munizipalista indartu egiten du, lan-arlo berriak irekitzeko aukera emango du eta ezagutza eta bizipen berriak ekarriko ditu. Hori horrela, zinegotzi bat galdu eta beste bat irabazi dugula esatea baino, esan dezakegu gure lantalde munizipalista orain sei kidek osatuko dutela. Izan ere, Aztiriak udalgintza taldean lanean jarraituko du. Beste behin Zumarragako EH Bildun egiaztatu dugu badugula harrobia: badugu lanerako prest dagoen jendea, herriarekiko konpromisoa duen jendea badugula eta proiektu ilusionagarri honek gero eta pertsona gehiago biltzeko gaitasuna duela. Amaitzeko, EH Bilduk biziki eta bihotzez eskertu nahi du azken urteotan zinegotzi bezala Aztiriak egin duen ekarpena eta Aimar Alberdik lekukoa hartzeko erakutsi duen erabakimena, prestutasuna eta konpromisoa”.
