Gazteei laguntza psikologiko profesionala izatea erraztuko dien programa bat jarri behar du martxan Zumarragako Udalak. Zumarragan erroldatutako 14 eta 30 urte bitarteko gazteek 20 euroko diru-laguntza jasoko dute psikologoarengana joaten diren bakoitzean (hilean lau aldiz gehienez). Programa urtarrilean jarriko da martxan eta udan balorazioa egingo dute. Bere horretan jarraituko dute edo, beharrezkoa ikusten badute, psikologo komunitario bat kontratatuko dute. Eskaerak aurkezteko epea oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean irekiko da.
Egitasmoaren aurrekontua 20.000 eurokoa da (diru gehiago behar bada, gehiago jarriko da) eta dagoeneko psikologoarengana joaten diren gazteek beraien psikologoarekin jarraitzeko aukera izango dute. Besteek ere nahi duten psikologoa aukeratu ahal izango dute.
Iñaki Mendiluze Gazteria zinegotziak prentsaurrekoa egin du gaur egitasmoa aurkezteko. “Herri segurua, enpatikoa eta gertukoa gara. Egitasmo honekin gazteen ongizate emozionalean jauzi kualitatiboa emango dugu. Osasun mentalak tabu izateari uztea nahi dugu eta egitasmoa Gipuzkoako psikologien elkargoarekin batera landu dugu. Azken azterketetan osasun mentalaren eta prekarietate ekonomikoaren arteko lotura gero eta handiagoa dela ikusi da eta horri aurre egin nahi diogu. Psikologoarengana ez doazen asko, arrazoi ekonomikoengatik da. Gainera ekimen honek Zumarragako Gazte Asanbladaren eskaerari erantzuten dio”.
Osakidetzaren “utzikeria” salatu du. “Osakidetzak ez du psikologorik eskaintzen eta osasun mental zentroa lanez gainezka dago eta kasurik larrienei aurre egitearekin nahikoa du. Ezin gara besoak uztarturik gelditu. Ekainerako psikologoarengana joateko beharra duen gazte kopuruaren berri izango dugu eta psikologo komunitarioa kontratatu edo ez erabakiko dugu. Onena Osakidetzak bere ardurari aurre egitea eta gure zerbitzua desagertzea izango litzateke. Guk Zumarragako erradiografia Osakidetzari pasako diogu”.
