Merkataritza erabilerak baimentzeko HAPOaren aldaketan interes partikularra interes orokorraren gainetik jartzea leporatu dio EH Bilduk Urretxuko udal gobernuari
Atzo Urretxuko osoko bilkuran Bengolea, Alkorta y Mendizabal, Matxinporta eta Pagoetako hotelari merkataritza erabilera ematea onartu zuen, EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Merkataritza erabilerak baimentzeko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketan interes partikularra interes orokorraren gainetik jartzea leporatu dio EH Bilduk Urretxuko Udal Gobernuari. Horra hor EH Bilduren oharra.
“Aurreko HAPOaren aldaketa zehatzarekin erakutsi genuen jarrera koherente eta zentzuzkoarekin jarraiki, udal gobernuak atzoko osoko bilkurara ekarritako aldaketa berri honekin, berriz ere, gure atsekabea erakutsi nahi dugu. Aurreko HAPOaren aldaketaren eztabaidan argi esan genuen: 2021ean udalbatzak HAPO onartze prozesua abian jarri zuenean, argi eta garbi zehaztu zuen, guztion artean gainera, Urretxuren hegoaldean dauden eremu horietan guztietan zein aktibitate ekonomiko eta industrial ezarriko ziren. Honekin, garapenaren inguruan urteetan eta hamarkadetan egon diren proiektu eta egitasmoen inguruan eman den eztabaidekin amaitu eta oinarrizko kontsentsuak lortu genituen, zonalde horretan garapen industrialaren apostua eginda.
Baina HAPOaren aldaketa hau, oraindik ere, gogorragoa egiten zaigu irenstea. Izan ere, Bi-Tartean eta Dendartean bezalako elkarteen alegazioei, eta herrian elkarte hauek ordezkatzen duten interes orokorrari muzin egin, eta bete-betean interes partikularretik abiatuta hartutako erabaki baten aurrean aurkitzen gara. Aurreko HAPOaren aldaketak soilik Bengoleako zonaldean ahalbidetzen bazuen elikadura zentro handi baten ezarpena, HAPOaren aldaketa berriarekin, orain batean ez eta beste bi zonaldetara ere irekitzen duzue aukera: Matxinporta eta Hotelera. Gazteleraz esaten den bezala: Si no quieres taza, taza y media, en toda regla. Baina arazoa larriagoa da oraindik. Izan ere, berriz ere aldaketa bat onartu da benetan jakin gabe zer etorriko den gurera. Eta noski, herriari aldaketa honek nola eragingo dion inolako azterketarik egin gabe. Ez mugikortasun azterketarik, ezta komertzio txikiari nola eragingo dion aztertu gabe, ezta herrian halako alimentazio zentro handi baten behar materiala dagoen edo ez teknikoki baloratu gabe. Laburbilduz, ez da egin inolako azterketarik aldaketa honek suposatu dezakeen inpaktuaren inguruan udalbatzak zentzuzko erabaki bat hartzeko. Amaitzeko, balorean jarri nahiko genuke Bi-Tartean eta Dendartean elkarteek jarritako alegazioak, uste baitugu herri ekonomian agente garrantzitsua direla eta arlo honetan beraiek ordezkatzen dutela herritarren eta sektorearen interes orokorra”.
