Urretxun Bizi Gara harrera eskola Urretxun berriak diren pertsonei zuzenduriko formakuntza eta topaketa espazioa da. Horren bitartez, eskuragarri dauden funtsezko baliabide ezberdinak ezagutzeko aukera dute: osasun, gizarte eta hezkuntza zerbitzuak, euskara, kultura, atzerritartasun tramiteak, birziklapena, etxebizitza, lan bilaketa…
Hamabigarren edizioa izan den honetan, 18 parte hartzaile izan dira guztira. Etorri berri diren askoren bizitza egoera zailak direla eta, asistentzia ez da beti posible izan batzuentzat. Dena dela, zortzi kidek lortu dute ikastaroa osatzea.
Parte hartu dutenen artean, Kolonbia, Maroko, Pakistan, Bolivia, Ghana, Honduras, Nigeria, Portugal, Nikaragua eta Saharan jaiotako urretxuarrak daude. Gazteenak 24 urte ditu eta zaharrenak 73. Guztira, 11 emakume eta 7 gizonezko izan dira.
Elkarte eta erakunde anitzekin lan egiten dute eta eskerrak eman nahi dizkiete guztiei horregatik.
Urretxun Bizi Gara Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetzarako II. Planaren barruan kokatzen da eta haren helburua da herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzea. Horrez gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu. Mahai hori herritarren parte hartzeari irekita dagoen lan batzordea da, gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa sustatzen duena.
